Onartzen dut, 31 urte besterik ez ditut eta dagoeneko zaharra sentitzen naiz. Teknologiari buruz hitz egiten dut, beti aktualitateari lotua. Beti berriena aztertzen eta ezagutzera ematen. Eta askotan ez nahiz ohartzen, oso denbora gutxian atzean utzi dudanaz. Eta, barkatu! Bai nik, eta baita zuk ere, pantailaren beste alde horretan zauden horrek ere!

Gorde botoia

Oso logikoa! Nola ez! Gorde botoia diskete bat da. Orain esplikatu 20 urte baina gutxiago dituen bati zer den diskete bat eta zergatik darabilgun, gaur egun, ikono hori. 3 eta erdikoak (3 mega eta erdikoak!!!) horiek erabili nituen nik, eta eskuetan floopyak (bigunak) eduki nituen. Gaur egun horrelako gailu batez ez litzaiguke ez abesti bat sartuko, ezta generazio berriko smartphoneek ateratako argazki bat ere. Gaur egun USB pintxo batengatik aldatu beharko genuke irudia?

Gaueko 10ak

Zuntz optikoa dugu lagun azken urteetan eta ADSL-aren garaiak ere atzean utzi ditugu. Eta zer zegoen hori baina lehenago? Telefono bidezko konexioa: Gure modemak dei bat egin behar zuen, zarata melodiko bat eginez gu Internetera konektatzeko. Hori bai, sarean gustura nabigatzen zenuen bitartean, etxeko telefonoa ezin zen erabili. Nola adierazi, gaur egun, bata edo bestea aukeratu behar zela?

Eta gaueko 10ak?  Orduan merkatzen ziren konexioak. Gaua iristearekin batera, nerabeok metamorfosia jasaten genuen, eta orduan bihurtzen ginen gizaki konektatu. 10ak iritsi arte… SMS-ak besterik ez genituen!

Messengerra

Gau txorien antzera, gaueko 10en zain egoten ginen garaiko WhatsApp edo Snapchata pizteko. Microsoft Messengerra! Email xume bati esker mundu zabaleko lagunekin hitz egiteko erabiltzen zen lehioa. Hura nobedadea! Programatxoaren sekretu guztiak buruz genizkien gainera: Ezkutuan zeuden ikonoak agerrarazteko, entzuten ari ginen abestia ezagutzera emateko edo maite genuen horri pantailan behin baina gehiagotan agertzeko lasterbideak. Messenger plus programa ere erabiltzen genuen, oraindik ere funtzionalitate gehiago izateko!!

Mugikorra

SMS-ak aipatuta, oraindik gogoan dut Ikastolako irakasleek esandakoak: Letra jateko ohitura hori ez da batere osasuntsua. Eta hein batean arrazoi zuten. Baina noski! Mezuak ez ziren dohainik, eta oso karaktere gutxitan transmititu nahi zen guztia esan behar bazen…. Imajinazioa erabili beharra zegoen! “ZMZ? Ndo psa!”.Eta sakelakoa aipatu ditudan honetan, nork ez du oroitzen Snake jokoa? Horiek bai garaiak!

Garaian garaikoa

Nire adin bueltakoa baldin bazara, ziurrenik nostalgia sentituko zenuen “teknologia vintagea” aipatu dudanean. Baina ni baina zaharragoa bazara, zuretzat beste teknologia bat izango da atzean utzitakoa: Bideojokoak kaseteetan zeuden garaiak (8 bitetako mikroordenagailuak), ordenagailuen aurreko gailuak (Idazteko makinak!!!!)…

Eta ni baina gazteagoa baldin bazara… Zuri, pantaila atzean zauden horri, gaur niri gertatu zaidana, laster gertatuko zaizu zuri!