Lasai, ez dizuet Idoia Mendiaren bideo famatuarekin matraka gehiago emango. Nahikoa esan dugu gaiaz, sare sozialak ongi astindu ditu eta igandean jakingo dugu funtzionatu dien ala ez.
Baina hauteskunde kanpaina nahiko aurreratuta dagoela baliatuz, gure hautagai nagusiek sarea eta euskara nola uztartu duten begiratzea bururatu zait. Sarea plaza garrantzitsua da gaur egun, eta alderdi nagusiek oso kontuan izan dute hori euren mezuak zabaltzeko garaian. Baina euskaraz egin al dute?
Lehen begirada webguneetara luzatu dut, alderdiek euren ohiko webak edo propio sortutako webak erabili dituztelako proposamenak zabaltzeko. Eta nire lehen galdera: zenbatek erabili dute .EUS domeinua?
Alderdi abertzaleen kasuan erantzuna ezaguna nuen, EHBildu eta EAJk berez erabiltzen dutelako .EUS, are gehiago, kanpainara begira EAJk urkullu.eus webgunea ere jarri du martxan. Estatu mailako alderdiek nola jokatu duten begiratzean iritsi da sorpresa, Alderdi Sozialista izan ezik beste guztiek erabili dutelako .EUS, baita alderdi popularrak ere. Badirudi sozialistek ez dutela kanpaina honetan euskararekin loturarik nahi, eta horregatik socialistasvascos.com webgunea erabili dute haien proposamenak zabaltzeko, nahiz eta beste hauteskunde batzuetan .EUS erabili izan duten.
Kontrara Alderdi Popularrak bi webgune jarri ditu abian kanpainarako: alonso25s.eus kanpaina orokorraren jarraipena egiteko eta gildatruck.eus izenekoa bestea, azken hau Alfonso Alonso herriz herri eraman duen gilda kamioitxoa iragartzeko. Elkarrekin Podemosek ere ElkarrekinPodemos.eus webgune berria abiatu du kanpaina honetan.
Honek guztiak beste galdera bat eragin dit: .EUS izan bai, baina edukiak euskaraz dituzte? Euskararen presentziari dagokionez, antzeko egoera dugu hemen ere: alderdi abertzaleek eduki guztia erabat elebidun argitaratzen duten arren, besteen kasuan ez da horrela, eta edukiak nagusiki gaztelaniaz zabaltzen dituzte, euskararen presentzia sinboliko bihurtuz.
Eta sare sozialetan? nola erabili dute hizkuntza sare sozialetan? Erantzuna UMAP.EUS webguneak eman dit, Twitter-en euskararen presentzia neurtzen duen tresnak. Honen arabera, euskararen erabilera %25 inguruan dabil Iñigo Urkullu, Arnaldo Otegi eta Pili Zabalaren kasuetan, eta hutsetik oso gertu Alfonso Alonso eta Idoia Mendiak. Garbi dago euskarari ez zaiola behar bezalako garrantzia ematen hauteskunde mezuak komunikatzeko garaian.
Hau ikusita, sare sozialetatik harago, .EUS domeinuak izan duen presentzia positiboarekin geldituko naiz. Bere sorreratik .EUS domeinuak komunitate zabala bildu nahi du Interneten euskararen inguruan, eta hauteskunde hauetan alderdi abertzale eta ez abertzaleek .EUS domeinua erabiltzea, domeinuak sustatzen duen komunitate zabal eta inklusiboaren ideia indartzen du. Espero dezagun hauteskundeen ondoren ere alderdiek ideia honen alde egitea.