Artikulu hau Theresa Swinehart ICANNen Domeinu Globalen eta Estrategiaren lehendakariorde seniorrak idatzi du. ICANNen webgunean argiratu zen 2022ko abenduaren 15ean. Jatorrizko ingelesezko bertsioa ondoko estekan irakur daiteke: https://labur.eus/vXR7i

Lehen mailako domeinu generikoen (gTLD) erregistro-informazioaren eskuragarritasuna hobetzeko zorian dago. Azken eguneraketek Izen eta Zenbakien Esleipenerako Interneteko Korporazioak (ICANN) akreditatutako erregistratzaileei eta gTLD erregistroei lagunduko die gaur egun publikoak ez diren gTLD erregistroen datuak emateko duten eginbeharra betetzen. Gainera, kontratua duten alderdien, datu-eskatzaileen eta WHOISaren gainontzeko erabiltzaileen esperientzia hobetuko da. 

ICANNen komunitateak WHOIS protokoloaren mugak onartu zituen eta duela 10 urte baino gehiago ICANNeko Zuzendaritza Batzordeari eskatu zion datozen belaunaldietarako erregistro-datuetarako protokolo bat garatu eta gauzatzeko. Erregistroko Datuen Direktorioko Zerbitzuak (RDDS), “WHOIS zerbitzuak” izenez ezaguna, kontratatutako alderdiek (erregistratzaileak eta erregistroak) ematen jarraituko dute, ICANNen adostasun-politiken arabera. Ondoko hiru ekimenek mugarri garrantzitsuak lortu dituzte berriki, eta elkarrekin osatzen dute WHOIS esperientzia hobetuaren oinarria:

  1. Joan den hilabetean itxi ziren gTLD Erregistro Akordioari (RA) eta 2013ko Erregistratzaileen Akreditazio Akordioari proposatutako zuzenketei buruzko Iruzkin Publikoak, zeinak Erregistroko Datuetara Sartzeko Protokoloaren (RDAP) bidez RDDSa emateko baldintza operatiboak zehazten dituzten. Zuzenketak WHOIS sistema hobetzeko Interneteko komunitatearen epe luzeko konpromisoaren gailurra izan dira, WHOIS protokoloak teknologia hobe batez ordeztuz, RDAPa, zehazki. Azken hau, neurri batean, SAC051ko Segurtasun eta Egonkortasunerako Aholku Batzordearen aholkularitzan oinarritu zen. Ondorioa: erabiltzaileek domeinu-izenen erregistro-datuetarako sarbidea izaten jarraituko dute WHOIS sistemaren bidez, baina etorkizunean datuak RDAP protokoloaren bidez eskainiko dira, eta horrek segurtasuna hobetuko du eta funtzio osagarriak ahalbidetuko ditu.
  2. ICANNen Erregistroko Datuen Politika berria ere martxan jartzetik hurbilago dago; izan ere, politikaren zirriborrorako Iruzkin Publikoen epea abenduaren 5ean amaitu zen. Erregistro-datuei buruzko adostasun-politika berria ICANNen komunitateak egin zuen, alderdi kontratugileek Europar Batasuneko Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta aplikatu beharreko datuak babesteko legeak bete ditzaten, baita erregistro-datuetako elementu bakoitzaren tratamendua modu argian egin dezaten ere. Politika berriak ICANNen Batzordearen hiru ebazpenen 34 gomendio politiko eta kaltetutako 20 politika eta prozeduren berrikuspenak jartzen ditu martxan, RDAP profil eguneratua barne.
  3. ICANN erakundea prestatze-lanak egiten ari da, batzordeak 2023ko urtarrilean egin zuen bozketa aurreratuaren argitan, sistema berriaren inplementazioan aurrera urratsak egiteko, eta beraz, publiko ez diren gTLDen erregistro-datuak eskuratzeko eskaerak errazago onartzeko eta bideratzeko. Honek Izen Generikoetarako Laguntza Erakundearen (GNSO) Kontseiluak egindako gomendio bati erantzuten dio; izan ere, ICANN erakundeak sistema hori ezartzeak ICANNen zuzendaritza-batzordeari lagunduko lioke GNSOren Kontseiluarekin Sarbide/Dibulgazio Sistema Normalizatu batekin lotutako gomendio politikoei buruz hitz egiten. WHOIS Dibulgazio-Sistema Diseinatzeko Dokumentuaren Zirriborroan oinarritzen da sistema. GNSOko Kontseiluari aholkuak ematen dizkion GNSOko talde txiki batek eskatuta egin zen. Sistema berria erabilera-proba bat da; parte-hartzea borondatezkoa da ICANNek akreditatutako erregistratzaileentzat. Interneteko erabiltzaileek eta erregistratzaileek datu ez-publikoetarako sarbidea eskatu eta emateko egin beharreko prozesua bizkorragoa eta errazagoa izango da. ICANN erakundeak sistema hori ezartzeak ez du aldaraziko, ez eta zapuztuko ere, goranzko eta adostasunean oinarritutako sektore anitzeko politikak garatzeko prozesua. ICANN erakundea lankidetza estuan arituko da GNSOko taldearekin eta komunitatearekin, inplementazio-lanak hasiz gero.

Oro har, aurrerapen hauek ICANNen komunitatea prestatu beharko lukete gTLDko erregistro-datu publikoetarako sarbidearen bilakaerarako, bai eta publikoak ez diren eta erregistratzaileen esku dauden gTLDko erregistro-datuak eskuratu ahal izateko ere.