Azken hilabeteotan egindako lanari esker sarean eskuragarri daude jadanik GPL eta Creative Commons lizentzia erabilienak euskaraz.
Interneteko euskal komunitatearentzat lizentzia libreek duten garrantzia ukaezina da eta garrantzi horren seinale Euskararen Aholku Batzordeak, 2016an, “Euskarazko IKTak: Gomendioak Herri-aginteentzat” dokumentuan jasotako hainbat proposamen. Gogora ekarri nahi dut beste zenbait proposamenen artean Batzordeak emandako gomendio hau: Administrazioaren diru-laguntzaz sortutako edukien Copyleft politika arautu, lizentzia libreak bultzatuz.
Gomendioa emateaz gain, Batzordeak honako proposamen hau egin zigun herri- aginteei: GPL lizentzia eta Creative Commons lizentziak euskaraturik badaude ere, azken bertsioak ez daude. Beraz, komeniko litzateke Eusko Jaurlaritzak dituen baliabideekin euskararen eta zuzenbidearen ikuspuntutik bertsio hauen eta ondorengoen kalitatezko itzulpenak eta lokalizazioak bermatzea. Kontuan izan behar da itzulpenak eguneratuta izateaz gain, ezinbestekoa dela legislazioaren gaineko bertsioak egokitzea. Horrela, diru-laguntza publikoen esparruan ez ezik, dagoeneko lizentzia hauek erabiltzen dituzten euskal norbanako, enpresa eta erakundeek ere erosotasun handiagoz eta, agian, baita maiztasun handiagoz ere erabiliko lituzkete (…).
Euskararen Aholku Batzordearen Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko Batzorde-atalak, egindako proposamenari jarraiki, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak gehien erabiltzen diren lizentziak aztertu zituen 2017an.
Erabilienak aukeratu eta horiek euskaratzeko prozesua abiatu zuen. Lizentziak euskaratu, adituekin kontrastatu eta GNU Fundazioak zein Creative Commons Fundazioak ezarritako prozedurak, baldintzak eta epeak bete ostean, argitaratzeko eta gizarteratzeko unea heldu da.
Horrela, gaurtik aurrera gizarte osoaren eskura izango dira euskaratutako lizentziak, Eusko Jaurlaritzako Euskadi.eus webgunean eta aipatutako Creative Commons eta GNU fundazioen webguneetan.
Urrats berri hau euskarak ingurune digitalean duen presentziaren adierazle garbia da. Gure hizkuntzak eremu honetan duen garapena aurreratua da, hiztun kopurua eta estatusa kontuan hartzen baditugu. Eta horrela da Interneteko komunitate euskaldun, dinamiko eta konprometitu baten lanari esker, eta herri- aginteen konpromisoari eta laguntzari esker. Elkarlana da, honetan ere, arrakastaren gakoa.
Konpromiso horren adierazle da lizentzia hauek argitaratzeko egin den lana ere; izan ere, berebiziko garrantzia izan du egitasmo honetan Marko Txopiteak (Txopi) eta Gotzon Egiak egin duten lanak; buru-belarri ibili dira honetan, eta eskerrak eman nahi dizkiet egindako guztiagatik. Eskerrak, baita ere, Creative Commons eta GNU erakundeetan lanean ibili diren teknikari eta aholkulariei.
Zoriondu nahi ditut, gainera, Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko Batzordeko kideak, Maite Goñi Batzordearen zuzendaria, eta ingurune digitalean euskararen presentzia handiago izan dadin egunero lanean ari diren elkarte, erakunde, enpresa eta norbanakoak. Zoriontzearekin batera, beren lana eskertu eta bide horretatik jarraitzera animatu nahi ditut.