Lasai, ez duzue astronauta-jantzirik behar, artikulu hau irakurtzen jarrai dezakezue oxigenorik gabe geratzeko beldurra albo batera lagata.
Azken urteotan, Fedibertsoak hazkunde handia izan du, ez bakarrik ekosistema osatzen duen software kopuruari dagokionez, baita bere zibilizazioa osatzen dugun pertsona kopuruari dagokionez ere. Adibidez, Elon Musk Twitterreko lanpostuak suntsitzen hasi zenean, lau gauza utzi zituen agerian: bat, hodei kontzeptuaren abstrakzioa hautsi egin daitekeela. Bi, haustura horretatik eratorrita, lan-gatazka bat agerian gera daitekeela lehen abstrakzioak ikusten genituen eremuan. Hiru, jende asko nekatuta dagoela Twitterren toxikotasunarekin. Eta lau, Mastodon instantzia desberdinek Muskek eragindako erbesteko errefuxiatu guztiak jaso nahi izan balituzte, gehiegizko arrakastak hilko zituzkeela.
Baina has gaitezen dagokion puntutik: hasieratik.
Fedibertsoa teknologia eta estandar libreetan (adibidez, ActivityPub) oinarritutako eta haien artean elkarreragiteko gai diren zerbitzari, programa eta aplikazio multzoa baino ez da. Zer ahalbidetzen digu horrek? Instantzia gisa izendatzen ditugun geure zerbitzariak inplementatzea, eta helburu komunak dituzten komunitate independenteetan oinarritutako subiranotasun teknologikoko ariketak gauzatzea.
Eta horixe da euskarak behar duena, ez gehiago ez gutxiago.
Euskal Fedibertsoaren altxorraren mapa
Euskaraz bizi den Fedibertsoaren zatiari bakarrik erreparatzen badiogu, Fedibertsoko hizkuntza guztiak blog artikulu bakarrean biltzea pentsaezina denez, elkarrekin bizi diren eta elkarri eragiten dioten espazio desberdinak aurkituko ditugu. Metro sare gisa imajinatu behar dugu, geltoki guztiak gainontzeko guztiekin konektatuta.
Hauek izango lirateke geltokiak:
- A linea, mikrobloginga: bi intantzia euskaldun daude eta bietako edozeinetan sor dezakezu erabiltzaile bat. Azkue Fund, Dinahosting, iametza, Laborategia.eus, PUNTUEUS eta Talaios Koop-ek mastodon.eus kudeatzen dugu eta Izarkomek mastodon.jalgi.eus.
- B linea, argazkiak: Pixelfed instantzia bakarra dugu, pixelfed.eus, Abaraskak kudeatzen duena. Instagram libre eta superbitaminatu bat edukitzeko aukera ematen dizuna eta zure datuekin trafikatzen ez duena.
- C linea, bideoak: hiru instantzia ditugu bideoak partekatzeko. Horietako bitan bideoak.argia.eus eta peertube.euskarabildua.eus izen emateak itxita daude eta Argiak eta iametzak mantentzen dituzte hurrenez hurren. Hirugarrenean, peertube.eus-en, edonork erregistratu eta igo ditzake bideoak (edozein ekarpen ekonomikok izango du ongietorria). Azken hori ere, Abaraskak kudeatzen du.
- D linea, audioak: audioak entzun nahi badituzu, adibidez podcastak, baleafunk.eus daukazu, iametzak kudeatua.
- E linea, agendak: bilbi.info, agenda.eskoria.eus eta ezkerraldea.euskaragendak.eus agenda ekitaldiak kudeatzen dituzten hiru instantzia daude.
- F linea, foroak: Abaraskak kudeatzen duen lemmy.eus foroak ere hor daude. Bertan komunitate desberdinetan antolatzen diren eztabaidaguneak aurkituko dituzu.
Milaka pertsona euskaldun, eta ez naiz esajeratzen ari, fedibertsoan zure zain gaude eta, gainera, zutaz jakin nahi dugu eta zurekin modu osasuntsuan eta euskaraz komunikatzeko asmoa daukagu.
Zeren zain zaude gu ezagutzeko?