Artikulu hau Paul Bischoff, idazle teknikoak, pribatutasunaren defendatzaileak eta VPN adituak idatzi du. Comparitech enpresak argitaratu du 2022ko urriaren 12an. Jatorrizko ingelesezko bertsioa ondoko estekan irakur daiteke: https://labur.eus/tgUK1

Munduko biztanleen %60ak (5.030 milioi pertsona) Internet erabiltzen du. Herritarren informazio, entretenimendu, albiste eta harremantzeko tresna nagusia da.

Baina, zeintzuk dira Interneterako sarbide parekatua eta irekia duten herrialdeak?

Comparitech epresako ikertzaileek herrialdekako esplorazio-azterketa bat egin dute, Interneten murrizketa gogorrenak ezartzen dituzten herrialdeak ezagutzeko eta Interneteko askatasun handiena duten herritarrak identifikatzeko. Horrek torrent* weguneak, pornografia eta sare sozialetarako eta VPN sareetarako murrizketak edo debekuak barne hartzen ditu. Komunikabide politikoen zentsura nabarmenak eta mezularitza/VoIP aplikazioetarako beste edozein murrizketa gehigarri ere kontuan hartu dira azterketan.

Errudun ezagunak lehen postuetan egon arren, itxuraz Interneterako sarbide parekatua eta irekia duten herrialde batzuk rankingaren goikaldean aurki daitezke. Etengabeko murrizketen eta aplikatu gabeko legeen ondorioz, Interneteko erabiltzaileen askatasuna inoiz baino urriagoa da.

Herrialdeak sei irizpideren arabera aztertu dira. Horietako bakoitzak bi puntu balio ditu, mezularitza/VoIP aplikazioek izan ezik, puntu bakarra esleitu baitzaio (herrialde askok aplikazio jakin batzuk debekatzen dituzte, baina Gobernuak edo herrialdeko telekomunikazio-hornitzaileek kudeatutako beste batzuk baimentzen dituzte). Herrialdeak puntu bat jasoko du edukia (torrent webgunea, pornografia, albisteak, sare sozialak, VPN, mezularitzako aplikazioak/VoIPa) mugatuta badago baina irisgarria bada, eta bi puntu guztiz debekatuta badago. Zenbat eta puntuazio handiagoa izan, orduan eta handiagoa da zentsura.

*Torrent webgunea edo torrenting-a fitxategiak trukatzeko protokolo ezaguna da, peer-to-peer (P2P) teknologian oinarritua. Erabiltzaile askok edukiak elkarrekin konektatu eta partekatzeko aukera ematen du, deskargak egiteko iturri bakarra izan gabe.

 

Interneteko zentsura handiena duten herrialdeak

1. Ipar Korea eta Txina (11/11) – Beste behin ere, bi herrialde hauek dira zerrendaren buru, eskuratu daitekeen puntuazio altuenarekin. Internet osoaren kontrol zorrotzaren ondorioz, bi herrialdeetan dena dago zentsuratuta. Erabiltzaileek ezin dituzte mendebaldeko sare sozialak erabili, pornoa ikusi edo torrent webguneak eta VPNa* erabili. Gainera, herrialdean argitaratzen den eduki politiko guztia zentsuratuta eta Gobernuaren eraginpean dago. Biek atzerriko mezularitza-aplikazioak ixten dituzte, eta biztanleak herrialdean sortutakoak (eta seguruenik Gobernuak kontrolatutakoak) erabiltzera behartuta daude, Txinako WeChat, besteak beste. WeChat-ek, muturretik muturrerako zifraturik ez ezik, atzealdeko ateak ere baditu, hirugarrenei mezuak atzitzea ahalbidetzen dienak.

2. Iran, Myanmar, Turkmenistan eta Arabiar Emirerri Batuak (9/11) – Bigarren postuan, Iran, Myanmar, Turkmenistan eta Arabiar Emirerri Batuak daude aurten. Iranek bi puntu egin ditu atzera, ez baitu erabat debekatzen torrent webgunea edo VPNa. Gobernua “legezko VPN” plan bat ezartzen saiatzen ari da. Erabiltzaileek VPN konexio bat eskatu beharko dute, Gobernuak kontrol eta gainbegiratze-maila handia izanik. Turkmenistanek debekatu egiten ditu VPNak, eta biztanleak behartuta daude Koranari zin egitera ez dutela VPNrik erabiliko; Arabiar Emirerri Batuek, berriz, legez kanpoko torrent webguneen aurkako neurri sendoak areagotu ditu. Baina Myanmar da jaitsiera okerrenetakoa izan duen herrialdea, hiru puntu gehiago lortu baititu. Sare sozialen plataformei blokeo militarra ezarri die eta Sare Pribatu Birtualak (VPNak) debekatu ditu.

3. Bielorrusia, Oman, Pakistan, Qatar, Siria, Thailandia, Turkia eta Uzbekistan (8/11) – Bielorrusia, Qatar, Siria eta Thailandia 2021eko “herrialde okerrenen” artean ageri dira. Baina, aurten, Oman, Pakistan, Turkia eta Uzbekistan parekatu zaizkie. Herrialde horiek pornografia debekatzen dute, zentsura-maila altuko komunikabide politikoak dituzte, sare sozialak mugatzen dituzte eta VPN erabilera zedarritzen dute. Eta denek, Thailandiak eta Bielorrusiak izan ezik, VoIP mezularitzaren/aplikazioetan murrizketak aplikatzen dituzte, baina Thailandia da torrent webgunea aktiboki debekatzen duen herrialde bakarra.

 

*VPNak teknikoki blokeatuta badaude ere, batzuk funtzionatzen jarraitzen dute Txinan. Gauza bera gertatzen da herrialde horietako porno-webguneekin. Porno-web askok “ispilu-orrialdeak” sortzen dituzte zentsuratutako herrialdeetako pertsonei sarbidea emateko, baina horiek blokeatu egingo dira agintariek haien berri izan ondoren.

 

2022an Interneteko zentsura areagotu duten herrialdeak

2021eko eta 2022ko herrialdeen puntuazioaren azterketak alderatuz gero, 27k puntuazioa handitu dutela dirudi. Bost herrialdek zentsura-arau berri bat martxan jarri dute gutxienez. Horietako bat da Myanmar, hiru aldaketa berri dituena. Era berean, Sri Lankak beste hiru zentsura-neurri gehitu ditu: torrent webguneen debekua, VPN jakin batzuen murrizketa eta sare sozialen blokeoa, herrialdeko protestek direla medio.

Bestalde, Afganistanen zentsura areagotu egin da komunikabide politiko eta sozialetan. Talibanek herrialdearen kontrola berreskuratu zutenetik, 231 komunikabide itxi dituzte eta haien erregimena kritikatzen duten sare sozialetako argitalpenak bilatzeko telefono mugikorrak erregistratu dituzte.

Indiako Gobernuak enpresei agindu die VPN sarearen erabiltzaileen datuak bildu eta partekatzeko. Gobernuak zainketa-sistema bat (CMS) ere erabiltzen du online jarduera oro atzemateko, VoIP mezuak barne.

 

Interneteko zentsura Europan

  • 18 herrialdek torrent webguneak debekatu edo itxi dituzte. Europako beste 25 herrialdek ere neurriak hartu dituzte, baina oraindik ez dituzte webguneak blokeatu; Bulgaria, Kroazia, Zipre, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Hungaria, Liechtenstein, Lituania, Luxenburgo, Malta, Polonia eta Txekiar Errepublika, tartean. Ez dituztenez torrent webguneak blokeatzen, ez dira “gune blokeatu” gisa puntuatu, “mugatu” bezala baizik.
  • Nahiz eta Espainian torrent webguneak blokeatuta egon (horregatik sailkatu da torrent webguneak itxi dituen herrialde gisa), araudiak erabilera pertsonalerako torrent webguneak erabiltzea baimentzen du (edukia ikusteko deskargatu daiteke, baina ezin daiteke sarera igo edo partekatu).
  • Ukrainak online pornografia mugatzen du, eta Bielorrusiak eta Turkiak, berriz, edukia erabat debekatu/blokeatzen dute.
  • Komunikabide politikoak 12 herrialdetan daude mugatuta. Kosovok eta Montenegrok hedabide politikoen zentsura arindu dute aurten.
  • Hala ere, Europako bi herrialdek zentsura-neurri zorrotzak ezartzen dizkiete komunikabide politikoei: Bielorrusia eta Turkia.
  • Europako herrialdeek ez dituzte sare sozialak blokeatu edo debekatzen, baina lauk murrizketak aplikatzen dituzte: Bielorrusia, Espainia, Turkia eta Ukraina dira. Montenegrok sare sozialen zentsura arindu zuen, gaur egungo Gobernuak adierazpen-askatasun libreagoa ahalbidetzen duelako.
  • Turkiak VPNak erabiltzea mugatu du, eta Bielorrusiak erabat debekatu ditu.
  • Turkia da VoIP mezularitza-zerbitzuak mugatzen dituen Europako herrialde bakarra. VoIP WhatsApp mezularitza-aplikazio ezaguna debekatu egin dute. Gobernuak, ordea, WhatsApparen alternatiba (BiP) sortu du, baina aplikazio honek ez du erabiltzailearen pribatutasuna errespetatzen eta kontrol-arazo propioak ditu.

 

Interneteko zentsura Ipar Amerikan

  • Kanadak, Mexikok eta Estatu Batuek torrent webguneak debekatu edo itxi dituzte.
  • Kuba da online pornografia mugatzen duen herrialde bakarra, komunikabide politikoak gogor zentsuratzen ditu eta VPNak zedarritu.
  • Beste sei herrialdek (El Salvador, Guatemala, Honduras, Mexiko, Nikaragua eta Panama) komunikabide politikoak mugatzen dituzte.
  • Kubak eta Hondurasek sare sozialetan murrizketak aplikatzen dituzte.
  • Mezularitza eta VoIP aplikazioek murrizketak dituzte Belizen, Kuban eta Mexikon. Kubak sare sozialetarako eta WhatsApperako sarbidea mugatu zuen, Gobernuaren aurkako protesten ostean. Mexikon, Interneteko hornitzaile batzuek VoIP zerbitzuak blokeatu dituzte. Belizeko telekomunikazio-hornitzaileek VoIP zerbitzu propioak eskaintzen dituzte beste batzuk debekatzen dituztelarik.
  • Aurten, orain arte ez da eguneraketa berririk izan Ipar Amerikan.

 

Interneteko zentsura Hego Amerikan

  • Argentina da torrent webguneak aktiboki blokeatzen dituen herrialde bakarra, eta Venezuelak online pornografia mugatzen du.
  • Komunikabide politikoentzako murrizketak areagotu egin dira Hego Amerikan, eta orain zortzi herrialdek murrizketaren bat dute plataforma horietan. Brasil eta Paraguai gehitu dira zerrendara, Gobernuak Brasilen izan duen interferentzia politiko handiagatik eta autozentsura sustatzen duten Paraguaiko agintari ustelengatik. Venezuelak ere gaitzesten ditu komunikabide politikoak, albisteak kontrolatu eta komunikabide independenteak isilarazteko ahalegin etengabeak eginez.
  • Venezuelak sare sozialetan murrizketak aplikatzen ditu oraindik; Ekuadorrek, berriz, puntuazioa hobetu du aurten, 2019ko protestetatik sare sozialetako konektagarritasuna eten gabe.
  • Venezuelak VPN sarearen murrizketak areagotu ditu, eta baita batzuk blokeatu ere.
  • Hiru herrialdek mezularitza/VoIP aplikazioak murriztu dituzte (Brasil, Guyana eta Venezuela). Brasilgo ISP handienak VoIP aplikazioak debekatzeaz gain, lege-proiektu batek mezularitza pribatuaren trazabilitatea egitea mehatxatzen zuen (hala ere, 2022ko ekainean, Brasilgo kongresuak lege-proiektuaren bide azkarra baztertu zuen; eta, beraz, artikulu hau idatzi den momentuan, proiektua ez da oraindik legezkoa).

 

Interneteko zentsura Asian

  • Asiako 15 herrialdek torrent webguneak blokeatu edo debekatu dituzte.
  • Asiako herrialde gehienek murrizketak aplikatzen dituzte online pornografian (aztertuak izan diren 49etatik 40k, %82ak), eta horietatik 27k erabateko debekuak edo blokeoak dituzte.
  • Komunikabide politikoak ere zentsuratuak daude Asian. Aztertutako herrialdeetako 42k (% 86) murrizketak dituzte. Herrialde gehienek (31) zentsura-maila oso altua dute, eta Afganistanek, Hong Kongek eta Palestinak zentsura handitu dute azken urtean.
  • Herrialde horietako askok (37) sare sozialen erabilera mugatzen dute. Txinak, Iranek, Myanmarek, Ipar Koreak eta Turkmenistanek neurriak gogortu dituzte eta erabateko debekuak ezarri dizkiete sare sozial ezagunenei.
  • Bost herrialdek erabat debekatu dute VPNaren erabilera (Txina, Irak, Myanmar, Ipar Korea eta Turkmenistan), eta beste 16k murrizketak ezarri dituzte.
  • Mezularitza eta VoIP aplikazioetarako murrizketak ere ohikoak dira Asian. 16 herrialdetan dago mezularitza-zentsura. Bangladeshek 15 lakh-rainoko (ia 15.000 dolar) isun handiak jarri zizkien legez kanpoko VoIP teknologia erabiltzen zuten lau telekomunikazio-operadoreri. Indiak eta Pakistanek ere murrizketak ezarri zizkieten VoIP aplikazioei.

 

Interneteko zentsura Afrikan

  • Hego Afrika da torrent webguneak aktiboki ixten dituen Afrikako herrialde bakarra.
  • Afrikako 15 herrialdek online pornografia mugatzen dute, eta horietatik bostek guztiz debekatu dituzte (Botswana, Ekuatore Ginea, Eritrea, Tanzania eta Uganda).
  • Aztertutako Afrikako herrialde gehienek (53tik 44, %83a) komunikabide politikoak mugatzen dituzte. Horietako 13k zentsura handia aplikatzen dute. Afrika Erdiko Errepublikak eta Etiopiak, adibidez, zentsura areagotu dute. Ghanak puntu bat gehitu du komunikabide politikoak mugatzeagatik, izan ere, narratiba politiko artifizialak komunikabideen lehen lerroan daude.
  • Aztertutako Afrikako herrialdeen %64k sare sozialetan murrizketan aplikatzen dituzte, baina bakar batek, Eritreak, blokeatu du sareetarako sarbidea.
  • Egipto eta Uganda dira VPNaren erabilera mugatzen duten herrialde bakarrak. VPNak legeazkoak diren arren, VPNen hornitzaile askoren webguneak eta zerbitzariak blokeatuta daude (hauek dira aukerarik onenak Egipton VPN bat aukeratzerako orduan).
  • Mezularitza/VoIP aplikazioen erabilera murrizten duten Afrikako zazpi herrialdeetako bat ere bada Egipto. Burundi, Ekuatore Ginea, Sierra Leona, Libia, Maroko eta Tunisia dira gainontzekoak.

 

Interneteko zentsura Ozeanian

  • Australia da torrent webguneen debekuak/blokeoak zorrotz aplikatzen dituen herrialde bakarra, eta, Papua Ginea Berriarekin batera, online pornografiari ere murrizketak ezartzen dizkio. 1992ko Australiako Irrati-Zerbitzuaren Legeak legez kanpo utzi zuen Interneten pornografia ikustea, eta isunpeko zigor-delitu gisa ezarri zuen. Hala ere, hiri batzuk bakarrik saiatu dira erabateko debekua ezartzen. Australian ere indarrean sartu berri da Online Segurtasunaren Legea, legez kanpoko eta mugatutako edukietarako industria-kode berriak ezartzen dituena. Kode horiek erregistratu egin behar dira, eta adin txikikoentzako egokiak ez diren edukiak hauteman ditzakete, pornografia, adibidez.
  • Fijin, Papua Ginea Berrian, Samoan eta Tongan bakarrik daude hedabide politikoak murriztuta. Papua Ginea Berriak sare sozialak mugatu ditzake, 2016an sortutako ziberdelinkuentzia-legearen bidez. Fijik, halaber, bertako biztanleak ohartarazi ditu herrialdeko lege berri batzuen inguruko aurkako iruzkinik sare sozialetan ez publikatzeko.
  • Ozeaniako herrialdeek ez dute VPN edo VoIP/mezularitzako aplikazioen erabilera murrizten.

 

Zentsura “arau” bihurtuko da?

Txina, Ipar Korea eta Iran bezalako herrialdeak zerrendaren buruan ikusteak harritu ez arren, herrialde askotan gero eta murrizketa gehiago daude, eta hori oso kezkagarria da. Aurten, 27 herrialdek Interneteko zentsura areagotu dute; iaz, berriz, 3 baino ez ziren izan. Aurtengo zentsura-neurri gehienak Asiako herrialdeek abiatu dituzte, eta aldaketa handienak komunikabide politikoek eta VPNaren murrizketek jasan dituzte.
Myanmarek sare sozialak blokeatzeko eta VPNak debekatzeko saiakeretatik hasi eta Afganistanek ehunka komunikabide ixteraino, Interneteko askatasuna ezin daiteke ziurtzat jo.
Zorionez, VPNak sarean pribatuki (eta legalki) nabigatzeko tresna bat izaten jarraitzen dute erabiltzaile askorentzat. Baina zentsura gero eta ohikoagoa den heinean, herrialde gehiago batu litezke zentsura aplikatzen duten herrialdeen zerrendara, herritarren pribatutasun digitala arriskuan jarriz.

 

Metodologia

Herrialde bakoitzaren zentsura-maila ezagutzeko, zehatz-mehatz aztertu dira torrent webguneei, pornografiari, komunikabide politikoei, sare sozialei, VPNei eta mezularitza/VoIP aplikazioei aplikatutako murrizketak.
Herrialdeak sei irizpideren arabera aztertu dira. Horietako bakoitzak bi puntu balio ditu, mezularitza/VoIP aplikazioek izan ezik, puntu bakarra esleitu baitzaio (herrialde askok aplikazio jakin batzuk debekatzen dituzte, baina Gobernuak edo herrialdeko telekomunikazio-hornitzaileek kudeatutako beste batzuk baimentzen dituzte). Herrialdeak puntu bat jasoko du edukia (torrent webguneak, pornografia, albisteak, sare sozialak, VPN, mezularitzako aplikazioak/VoIPa) mugatuta badago baina irisgarria bada, eta bi puntu guztiz debekatuta badago. Zenbat eta puntuazio handiagoa izan, orduan eta handiagoa da zentsura.
Kasu batzuetan, herrialdeek puntuak lor ditzakete eremu horietako bat debekatu dutelako, baina biztanleek debeku horiek saihesteko moduak aurki ditzakete, VPN edo ispilu-guneekin, besteak beste. Hala ere, herrialdeak debeku hori aplikatzen duenez (webguneak blokeatuz edo legeak aplikatuz), debekatuko balu bezala puntuatzen du. Bestalde, herrialdeek arauak sortu badituzte eremu jakin bat mugatzen edo debekatzen saiatzeko, baina erabiltzaileek zerbitzu/webgune horiek askatasunez erabil baditzakete, herrialdea “murriztu” gisa soilik puntuatzen da, araudiak/legeak ez baitira aplikatzen ari.