Mastodon.eus Mastodon sare sozialeko instantzia bat da, mundura euskaraz salto egiteko. Zenbait erakunde (PuntuEUS Fundazioa eta Azkue Fundazioa), enpresa (Dinahosting, iametza), kooperatiba (Talaios), norbanako (Laborategia2.0) eta aktibisten (Librezale) elkarlanetik jaio da. Denboran irauteko helburuarekin abiatu da eta euskarazko komunitatearen inguruan dauden eta sor daitezkeen bestelako instantziekin elkartzeko borondatearekin. Beronen inguruan eragileak biltzea ere bada asmoa.

Mastodon indarra hartzen ari den sare soziala da eta 2 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu. Mastodonek abantaila nabarmenak ditu sare sozial ezagunenekin alderatuta; are gehiago hizkuntza komunitate txikientzat. Mastodon software librea da, eta sare deszentralizatu  gisa eraiki da. Horri esker datuen kudeaketa, pribatutasuna, erabilera arauak eta hizkuntza komunitateak berak zehazten ditu. Gainera, ez dago publizitaterik, datuak ustiatzen ez direlako.

Erabiltzaile bakoitzak aukeratzen du zein instantziatan eman nahi duen izena. Mastodon.eus instantzia horietako bat da eta bi berezitasun ditu: euskarazko instantzia da eta Interneteko euskal komunitateak sortu du komunitatearentzat.

Sare sozial zentralizatuetan (Twitter, Facebook…) enpresa horiek erabakitzen dute hizkuntza, eta azken aldian atzerapauso batzuk eman dituzte: Twitterren interfaze berria ez dago euskaraz eta Googlek iragarkiak euskaraz jartzea debekatu du. Hori horrela da instantzia bakarra delako eta instantzia horren “buruak” (edo jabeak, hobe esanda) hartzen dituelako erabakiak. Mastodon elkarren artean federatutako zenbait instantziaz osatuta dagoenez, instantzia bakoitzak bere barne erabileran eragin dezake, hizkuntzaren kasuan adibidez.

Elkarren artean konektatutako milaka instantzia daude Mastodonen. Batzuk erabilera orokorrekoak dira eta beste batzuk hizkuntz komunitate baten inguruan sortuak. Gai edo afizio jakin baten inguruan sortutakoak ere badaude.

Mastodon-ek nola funtzionatzen duen hobe jakin nahi duzu? Hemen argitu ahalko dituzu zure zalantzak, eta zure jakinmina elikatu.

Mastodon-era jauzia egin nahi baduzu mastodon.eus helbidean daukazu izen-emateko aukera. Lehen urratsak ematea errazagoa izan dadin, gida labur bat sortu dugu.

Mastodon.eus euskaldunak batu eta munduarekin harremanetan jarri nahi dituen sare sozial librea da.

Ongi etorri mastodon.eus era!

Aurreko bidalketa

Etorkizuneko gauzak hemen dira

Hurrengo bidalketa

Humanitate Digitalak: Giza eta gizarte zientzietan ikertzeko metodo berriak

Egilea

puntueus

puntueus

Iruzkinik ez

Utzi erantzun bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude