Gutun bat jaso nuen lehengoan. Bueno, email bat, Pebble smartphone enpresaren jabearena: The Time of Our Lives, “Gure bizitzako une (goxoena)”-edo, euskaraketa libre samarrean. “Yuhu!” pentsatu nuen neure artean: “azkenean hasi behar dira banatzen apirila aldean crowdfunding bidez aurre-ordaindutako erlojuak!!!”. Teknologia munduko albisteak jarraitzen dituzuenok badakizue justu kontrakoa zela email haren edukia.

Laburbiduz: Pebble konpainia desagertutzat jo zitekeela une hartatik aurrera. Crowdfundingeko erlojuak ez zituztela fabrikatu ere egingo. Are gehiago: bezpera arte saldutako erloju guztiak (online denda bezpera arte izan baitzuten zabalik) garantia eta euskarri teknikorik gabe geratzen zirela une hartan bertan. Crowdfundingeko diruak (apirilean emandakoak), 2017ko martxoan-edo hasiko zirela bueltatzen. Interesik gabe, noski, eta unean uneko dolar-euro trukearen arabera.

Hau da: email hark zekartzan enpresaren bezero/jarraitzaile/crowdfinantzatzaile batek jaso zitzakeen albisterik txarrenak, bata bestearen atzetik, eta ahalik eta ordenarik gaiztoenean. Horregatik, oraindik ere ezin ulertuta nabil mezu osoari darion “buenrollismo” eta “heyeyeyyy!” tono guztia. Argi dago azkenean marketing ekintza bat dela enpresaren azken mezu hori ere, eta ezin direla negarti jarri, baina zuritik beltzera tarte zabala dago!

Paragrafo batean, adibidez, azaltzen dute: Fitbitek Pebbleren ingeniaritza taldea eta softwarea baino ez ditu erosi, beste guztia -Pebblek mundu osoan saldutako bi milioi erlojuak barne- komuneko zulotik behera botaz. Eta jarraian: “eieiei, idatzi mezu bat Pebbleri zuen poza konpartitzeko!”. Gure poza? Benetan? Ze poz?!?

Gero diote: gogoan dituzue crowdfundingean gure erlojuentzat iragarri genituen ezaugarri berri guztiak? Woooowowowowwww!!! Ahaztu, fabrikatzen ere ez gara hasiko! Baina, ei, eskerrik asko eta zorionak amets hau gurekin konpartitzeagatik!!!

Zera… Zorionak?!? Eskerrik asko?!? Eta orduan Rajoy aurpegia jartzen zaio bati, Europako legediaz galdetu baino “Eta barkatu?!?” ozen galdetzen pantailari. Barkamenik ez. Eskerrik beroenak eta gonbita ere bai, inoiz Pebbleren jabearekin aireportu batean topatuz gero, garagardo bat ateratzen eskatzeko. GARAGARDO BAT?!? 200 euro urtebetez bahituta edukitzearen truke?!?

Bua, askoz ere testu burutsuagoa idatzi nahi nuen, gaiak eman ere ematen duelako, gailu konektatuek sortzen duten zerbitzu emalearekiko morrontzaz eta abar. Baina igual beste baterako utzi beharko. Buenrollismoak nazkatuta nauka eta!!!

captura-de-pantalla-2016-12-11-a-las-21-03-27