Internetek, orain arte ezagutu dugun bezala behintzat, abantaila handiak ekarri dizkigu hizkuntza eta kultura komunitate txikioi. Besteak beste, bozgorailu erraldoia eman digu, “mundiala”, hitzaren zentzurik zabalenean, nor garen eta zer egiten dugun lau haizetara zabaltzeko. Optimista izan naiz beti alderdi horri dagokionez, nahiz eta badakidan badela jende asko eta asko, bat ez datorrena.

Baina bozgorailu mundial hori eman digun sarea oso azkar eboluzionatzen ari da gure begien aurrean. Internet publiko zabalera hedatzen hasi zenean, barra-barra entzuten genuen diskurtso “humanista” bat, nolabait esatearren, planeta mailako interkonexioak ekar zitzakeen abantailekin amets egitera bultzatzen gintuena. Garai hartakoak dira gaur egun museoko piezak diren hainbat izen eta izan: informazioaren superautopista, mundu mailako liburutegia, sareen sarea… Zenbat da ez duzuela halakorik entzun?

Denbora da sarearen kontzepzio humanista eta ingenuo hura logika kapitalistak irentsi zuela. Gaur egun internet produktibitatea da, entretenimendua, aisialdia. Eta norgehiagoka: zeinek jarraitzaile gehiago, zeinek eduki biralena, zeinek irudi ederrena… Eta dirua: nork ordaindu behar duen, nor kobratu…

Eta, ai! Logika kapitalista horrek masa handiak ditu gogoko. Zenbat eta jende multzo handi eta uniformeagoak, orduan eta errazago egiten zaizkie salmentak. Tarte gutxi dago hor komunitate txikientzat. Ez bereziki gorroto dituelako, bizitza konplikatzen diotelako baizik. “Zenbat errazagoa izango litzatekeen guztia, mundu guztian hizkuntza bakar bat balego”. Superautopistarena baino maizago entzun duzue hori, ziur.

Aldaketa horren ondorioak gero eta nabarmenagoak ditugu sare globaleko gure txokotxo honetan. Webguneei etekin ekonomiko apur bat ateratzeko, adibidez, publizitate sareak dira gaur egun metodorik ohikoena: espazioa saltzen zaie publizitate sare handiei, webgune edo zerbitzuaren edukian eta erabiltzaile bakoitzaren profilean oinarrituta, pertsonalizatutako iragarkiak eskaintzeko. Iragarki bat erakusten den bakoitzeko, sos gutxi-gutxi batzuk jasotzen ditu webgunearen jabeak. Hiru eta sei euro bitartean, erakutsitako mila iragarkiko, adibidez.

Puntu honetara iritsita, askok imajinatuko duzue norantza noan. Azken hileotan gorabehera handiak izan dituzte publizitate sare horiek erabili nahi izan dituzten euskarazko webguneek. (Eta, barkatu tematzea: horixe da gaur-gaurkoz webguneei diru apur bat ateratzeko modu estandarra). Kaixomaitiak hamaika buelta eman behar izan zituen Twitterrek euskarazko iragarki bat onar ziezaion. TOKIKOMeko tokiko agerkarietan Googleren iragarki zerbitzaria ‘hackeatu’ behar izan dugu erabili ahal izateko, eta ez dugu lortu Googleren iragarki trukerako ‘plazan’ euskarazko edukiak onartzea. Kaixo.com atarian ere komeriak izan dituzte azken egunotan

Aipatu bezala, eragozpen horien arrazoia ez da halako gorroto etniko edo ideologia supremazista bat –agerikoa ez, behintzat—kontu praktikoa baizik: Ikusi, edukia euskaraz jartzen baduzu, makinak ez du modurik kontestua ulertu eta hartan oinarritutako iragarkirik egokienak eskaintzeko, eta beraz, ezin dugu gure zerbitzuaren kalitatea bermatu. Kaltea bikoitza da: batetik, euskarazko iragarkiak ezin dituzte onartu, ez baitakite ze kontestutan diren egokiak. Eta bestetik, euskarazko webguneak ere ezin dituzte onartu haien iragarkiak erakusteko hautagai gisa, eskaintzen duten kontestua ulertezina baitzaie.

Alternatibak badira, noski. Horra batzuk, boteprontoan:

  • Euskarazko edukiak automatikoki prozesatzeko teknologietan inbertitzea. Inbertsio teknologiko (eta ekonomiko) handi samarra egitea esparru horretan, eta lortzea euskarazko edukiak makinei ulertarazteko kapaza den sistema ahaltsu eta ireki bat, edozein partikular zein enpresak erabiltzeko modukoa. Niri galdetzen badidazue, sistema horren garapena erakunde publikoena izan beharko litzateke. Negozio ona ere izan daiteke: behin euskara ulertzeko sistema garatzeko inbertsioa eginda, sistema bera beste hizkuntza txiki eta ez hain txikirentzako egokituz berreskuratu liteke.
  • Euskarazko webguneentzako publizitate merkatu edo sare propioa sortzea. Bere ilunak eta argiak ditu bide honek. Batetik, nolabaiteko independentzia ekarriko lioke sareko euskal komunitateari, alorreko multinazional handietatik libre izatea. Baina bestetik, horrelako negozioetan oinarrizkoa den masibotasuna lortzea ez dakit posible ote den. Masibotasun hori gabe, errentagarritasuna lortzeko bide bakarra bertako iragarkien prezioa igotzea da. Eremu geografiko berean zirkuitu estandarretan sar daitezkeen erdarazko lehiakideak izanda, ez dirudi bide honek alde ekonomikotik ezer konpon dezakeenik.
  • Publizitatearen ordezko finantzazio bideak topatzea.  Publizitatetik ezin bizi badaitezke, euskarazko eduki digitalak beste bide batzuetatik finantzatzea izan daiteke aukera. Harpidetzak eta mikro-ordainketak dira bururatzen zaizkidan lehenengo aukerak, aurreko puntuko arazo berdintsuekin: prest al dago euskal publikoa euskarazko edukien truke ordaintzeko, erdarazkoak ordaindu gabe lor ditzakeenean? Eztabaida interesgarria, zalantzarik gabe…

Edo bestela, beharbada, autopista albo batera utzi –peajea ezin ordainduta- eta informazioaren errepide lokaletik zirkulatzen hasi beharko…