Aurrekoan esan zuen Manex Agirrek Info7n: “balio komunikatiboen gainbehera” ikusten duela berak euskara teknikarien ofizioan. Gehiago esango nuke nik: “Euskalgintza” deitzen diogun muga lausoko entitate oso horrek pairatzen duen (dugun) gaitza da. Eta harekin igurtzian dauden beste esparru batzuk ere larriki kutsatuta ditugu.
Barkatuko didazue topiko merkea, baina konpara gaitezen, one more time, katalanekin. Laster irtengo da kopla ezagun hori: “eske katalanak oso onak dira saltzen. Gu berriz, egin eta egin eta egin, eta saltzeaz ez gara arduratzen”.
Bada, oso txarto. Hizkuntza, kultura, politika kontuetan, alferrik dugu munduko gogoetarik onenak eta argudiorik sendoenak izatea, haiengandik urrun dudenengana iristeko modu eraginkorrak erabili ezean. Erdalduna ez da euskaraz hasiko, erdal kulturaren kontsumitzaile konbultsiboa ez da euskal kulturarekin zaletuko, soilik ‘arrazoia dugulako’. Arrazoi izate horren atzean dauden ideiak eta argudioak azaldu ez ezik, ‘saldu‘ ere egin behar dira: pakete eder eta koloretsu batean bildu, eta inguruan lehian dituen besteak baino hobeak direla ikustarazi.
Marketin teknikak erabili behar dira horretarako. Eta, ai, ideia soilak alergia ematen digu. Nola prostituituko dugu gure helburu hiper zintzo eta transzendentala, publiko zabalak erraz ulertu eta onar ditzakeen formetara eramanda? Nola jarriko diogu izen bat, arin, ikusgarri eta gogoratzen erraza, gure makro-gogoetaren funtsa lausotuko duena? Ez, ez, ez. Pentsatu ere ez!
Eta halaxe doakigu gero. Google Euskal Herrian asmatu izan balitz, Bilatu deituko litzateke. Twitter berriz, Mezulaburrak. Flickr-en ordez, ez dakit ba, SarekoArgazkiak izango genituzke, eta haren ostean Instagram sortuko bagenu, ba hori ere SarekoArgazkiak izango litzateke, beste domeinu batekin beharbada, edo ordena aldatuta: ArgazkiakSarean.
Ez. Ez nabil handinahikatzen. Azken hilabete parean, Zubideiak kultur proiektua ezagutu dugu. Eta beste bat -guztiz ezberdina- Zubideak (amaierako ‘i’ hori gabe). Eta Jalgi hitza gutxienez bi egitasmo diferenteren lelo gisa ere ikusi dugu. Eta alderdi politiko bat ere badugu, URL loturak gordetzeko webgune baten izena daramana. Eta sareko agerkari berri bat (irakurtzen ari zaren hau bera), duela hamar urte baino gehiago sortutako eta oraindik aktibo dagoen blog baten izen berbera daramana. Eta gero kexatuko gara, kaleko euskaldun ‘normalak’ ez dituelako ondo bereizten batak eta besteak.
Hainbat erdaretan, badira webguneak, silabak aliritzira nahastuz marka izen berriak sortzeko. Programatzaile euskaldunen batek hau irakurtzen badu, hona nire eskaera etsi-etsia: sor dezala horrelako bat euskaraz, gaur hobeto bihar baino.