Ba bai, Euskal Herrian ere arrakasta itzela lortu du Pokémon Go ditxosozkoak. Hedabideetan xehetasun guztiekin kontatu digute Pokémon sukarraren berri, eta batek baino gehiagok zeuon begiekin ikusiko zenuten honezkero ehiztari bat edo beste. Aurrekoan familia oso batekin egin nuen topo herriko parkean. Gurasoak eta 12, 8 eta 6 urteko umeak. Ni txakurrarekin paseatzen eta haiek berriz, zomorro birtualen bila.

Aitortu behar dizuet neronek ere egin ditudala nire saiakerak joko famatuarekin. Eta, nire harridurarako, aurkitu ditut zomorro endemiko batzuk, Euskal Herrian baino topatu ezin daitezkeenak:

  • Ergasaur: lurreko izaki hau txiki-txikia da, garbantzu baten tamainakoa, ta jendearen arropa artean ezkutatzen da. Inguruan ahaztutako ergatiboez elikatzen da. Oso erraz topa daiteke politikariak sarri ibiltzen diren lekuetan.
  • Diskriminex: hau ere pozik bizi da politikari artean. Aireko Pokémona da, eta bere indarra bikoiztu egiten da Euskal Herrian erdaldun elebakarrak diskriminatuta bizi direla esaten den bakoitzean. Hori entzuten duenean inguruan Ergasaur bat baldin badu, indarra ez ezik, tamaina ere bikoizten du.
  • Jatortxux: beste hau uretako izakia da, baina nahiago-nahiago, edari alkoholdunak nahiago ditu. Politikariak ez zaizkio batere gustatzen, eta Diskriminex horietatik urrun aurkituko dituzu beti. Baina Ergasaurrekin nahiko ondo moldatzen da. Euskararen aldeko aglomerazio handiak gustatzen zaizkio, batez ere erdaraz egiten direnak. “Qué buen Ibilaldi”, “Dándolo todo en el Oinez”, eta antzekoetatik elikatzen dira.
  • Megaxuxen: zomorro hau sutan jartzen da norbaitek Euskaltzaindiaren arauei muzin egiten dienean. Egun santu osoa pasatzen du besteei esaten nola hitz egin eta idatzi behar duten, eta nola ez. Borroka latzak izaten ditu Ergasaur eta Jatortxuxekin.

Eta zuek? Ikusi al duzue Pokémon autoktonorik? Hala bada, kontatu non eta noiz, eta nolakoa zen ere, noski, guztiak harrapatzeko irrikatan gaude eta!

Irudia | Pixabay