Memoriaz nabil, eta oroimen ona ez da nire ezaugarri nabarmenetakoa, baina esango nuke 1996 edo 97. urtean idatzi nuela lehenengoz interneten inguruan euskarazko medio batean. AIZU! aldizkarirako testu bat zen; erreportajea baino, hiztegi moduko bat, azalduz zer ote zen gero eta sarriago entzuten genuen “informazioaren autopista” hura, eta harekin lotutako hainbat kontzeptu: hipertestua, nabigatzea, gerora arrakasta handirik izan ez duen “amarauna”, nabigatzailea…

Inor gutxik espero zezakeen sarea zer azkar hedatu behar zen gerora, eta nola eraldatu behar zuen gure eguneroko bizimodua, laneko zereginetatik hasi eta hizkuntzara bertara ere iristeraino. Beharbada, jarraian etorriko da benetako hizkuntzalari bat (baina benetakoa, e?) datuak eskuan, eta hankaz gora jarriko dit planteamendu guztia… baina niri inpresioa ematen dit sareak eta IKTek eragin handia izan dutela gure hizkuntzan. Eta pentsatu nahi dut, gainera, eragin hori onerako izan dela gehienetan. Hizkuntza kontuetan, ez gaude etxafuegoak botatzeko moduko egoeran, hori egia da; baina seguruenik okerrago egongo ginateke IKTen eragina ez bagenu.

Beste hizkuntza batzuetan gertatu den bezala, euskaraz ere sekula baino gehiago idatzi izan da azken 20 urteotan. Testu formalak, informalak, teknikoak, SMS mezuak lehen, Whatsappekoak gero, webguneak, blogak, komunikabideak, txioak, Facebookeko egoerak… Egia da: testu horietako asko ez dira izango EGA gainditzeko moduko idazki formalak, baina idatzizko hizkuntzari bizitasuna eman diote, egunerokotasuna. Eta hori oso albiste ona da nire ustez.

Besteak beste, egunerokotasun horrek bultzatu gaituelako hizkuntzarekin jolastu, hiztegia bihurritu eta unean uneko arazoei irtenbideak emateko. Hala sortu dira aditz trinko berriak, erdi-txantxetan bada ere, eta aspaldi ahaztutako beste ‘benetako’ batzuk ere berreskuratu egin ditugu. Hala piztu da batua eta euskalkiak hurbiltzeko beharraren inguruko eztabaida, eguneroko erabileratik abiatuta. Eta hala sortu da gure hizkuntz komunitate hau mapan jartzen duen .eus ikurra.

Eta bai, egia da horrekin guztiarekin batera, gero eta sarriago irakurri behar dugula “eskerrik”, eta erdarazko formen kalko hutsa diren trinkoak sortzen ditugula maiz, eta ergatiboa sarritan erabiltzen dugula txarto… Badakizue: interneten euskaraz jende asko ibiltzeagatik ordaindu beharreko peajea da hori… eta tira, garestiagoak ordaintzen ditugu ba!

Argazkia| Pixabay