GSMAk –GSM association– SIM birtualetarako espezifikazioa kaleratu ostean, SIM txartelik gabeko telefonoa datorrela irakurri dugu agerkari askotan. Hala ere, eSIM txartelaren helburua Internet of Thingsen beharrei aurre egitea da, eta ez SIM txartelik gabeko telefonoa kaleratzea. Nolanahi ere, eSIM txartelak berrikuntzak dakarzkigu eta SIM txartel birtuala zer den azalduko dugu artikulu honetan.
SIM txartela garrantzi handiko elementua da komunikazio mugikorretan. Erabiltzailearen mugikorrak sarean modu seguruan egiaztatzeaz gain, komunikazioak era pribatuan gauzatzea ahalbidetzen duen elementua da.
Orain arte ezagutzen dugun eran, SIM txartela tamaina ezberdineko mikroprozesadorea duen plastikozko txartel bat da, operadore bakar batera konektatzeko klabeak dituena eta bere baitan jabearen telefono-kontuari buruzko informazioa gordetzen duena. Eta egun, telefono mugikorren erabileraz haratago, tabletak eta modenak internetera konektatzeko erabiltzen da.
Gauzen Internetaren garapena aztertu genuenean, ordea, mota eta tamaina guztietariko bilioika gailu haien artea konektatzeaz aritu ginen. Baina, nola sar liteke gailu guzti horietan SIM txartel bat?, are gehiago, munduan zehar sakabanaturiko sentsore eta gailu guztiei nola aldatu lekieke SIM txartela? Gaur egungo SIM txartelekin, behintzat, bideraezina litzateke.
SIM txartel birtuala edozein gailutan –eta ‘gailu’ hitza erabiltzen dugu ‘telefono’hitzaren ordez– txertaturik joan daitekeen txip bat da, edozein operadoreren klabeak eta jabearen telefono-kontuari buruzko informazioa aire bitartez modu seguru batean jaso dezakeena.
eSIMaren aire bitarteko zerbitzuen aktibazioak bilioika gailu era eraginkor batean kudeatzea bermatzen du, baina aldi berean, proiektuak gainditu beharreko oztopo handiena eragin du: SIM txartelean doan informazioa airez segurtasunez igortzeko erronka.
Nola aktibatzen da eSIMa?
SIM txartel birtuala aktibatzeko prozedura hurrengo irudian azaltzen da:
- eSIMa duen gailua smartphone batekin konektatu behar dugu, esaterako, bluetooth bitartez.
- Edozein operadoreekin datu-zerbitzu berri bat kontratatu, edota daukagun datu-zerbitzuan gailu berri bat konektatzeko eskaera egin behar dugu.
- Operadoreak eSIMarentzat datuak sortzen ditu,
- eta QR kode bat bidaliko digu telefonoarekin eskaneatzeko
- QR kodeari esker, telefonoaren eta operadorearen sarearen artean sortzen den bide segurtatuaren bitartez, SIM birtualerako klabeak eta jabearen telefono-kontuari buruzko informazioa gure gailura jaitsiko da.
SIM birtualaren aktibazio sistema berak erakusten digu bere hastapenetan dagoela eta bide luzea falta zaiola SIM normalaren tokia berenganatzeko. Hala eta guztiz ere, abantaila itzelak dakarzkigu, adibidez, SIM txartelik aldatu gabe operadore aldaketa gauzatzea, txiparen tamaina txikiari esker edonolako gailuetan jarri ahal izatea, gailu bakar batean telefono zenbaki anitzak izatea e.a.
2017. urtean aurreikusten dira lehenengo SIM birtualdun gailuak eta argi dago, hasieran behintzat, SIM normalarekin aldi berean gure artean egongo dela. Hala ere, ez dago zalantzarik, eSIMak komunikazioaren mundua eraldatzen lagunduko duela.