Ezagutza irekia* eta irakaskuntza irekia terminoak entzun ditut egun hauetan eta informatikaren irakaskuntza pertsona ororengana zabaltzearen garrantziarekin zuzeneko lotura ikusi diot.
Gaur egun, mundu osoa Internet bidez konektaturik dugun honetan, edozein pertsonaren ezagutza eskuratzea erraza litzateke, ezagutza hori partekatzeko baimena duen dokumentuetan gordeta egonez gero.
Hau aipatzean, eta informatikaria izaki, software librea datorkit burura. Bide desberdina daramaten bi lerro baldin badira ere, ideia berean oinarritzen dira, partekatzeko eta eraldatzeko aukera ematean. Ezagutzaren kasuan dokumentuak, softwarearen kasuan kodea.
Irakaskuntza irekiaren esparrua askoez zabalagoa baldin bada ere eta hesi asko gainditu behar baditu ere, informazioaren hesia ezagutza irekiari esker gainditu egiten da eta teknologiaren hesia, software libreari esker.
Programa pribatibo bat eskuratzen dugunean, horren garatzaileak zeregin zehatz batzuk eman dizkio programari eta eroslea zeregin horietan harrapaturik egongo da. Posible da noski beharretara egokitzeko eskaera bat luzatzea eta horrelako asko egonez gero, agian garatzaileak bertsioa berrituko luke.
Softwarea ordea librea baldin bada, erabiltzaileak kodea ikusi eta aldatzeko aukera izango du eta softwarea bere beharretara egokitzeko aukera izango du uneoro.
Baina nola? KODEA IKUSI ETA ALDATU!! Bai, software libreak horretarako aukera ematen du. Komunitateetan garatu eta erabiltzen da, elkartasunean, balio etikoa erantsia eskainiz.
Horrela, programatzeko gaitasuna duenak (ez naiz ari informatikaria izateaz) egokitzapen txikiak egiteko aukera du. Horregatik garrantzitsua da hezkuntzan software librea erabiltzea eta informatika eta programazioa irakastea, termino honen sortzaile Richard Stallman-ek dioen bezala, ezagutza irekiarekin eta software librearekin batera hiritar libreak hezi ditzagun.
*Ezagutza irekia/askearen muina Wikipedia bada, euskaraz egiteko asko daukagu!