Zaintza teknologikoari buruz hitz egiten digutenean, teknologia berriei eta zientziari buruz aurki daitekeen berriena ezagutzeko sortutako prozesu antolatua dela jakin behar dugu. Informazio hau gure inguru hurbilenean, edota kanpoan aurki dezakegu. Gaur egun, profesional orok bere sektoreko berritasunei adi egon beharko luke eta hainbat sare izan daitezke helburu hau lortzeko tresna egokiak.

Hori dela eta, Martxan atala gaurkoan hainbat tresna aurkezteko erabiliko dugu, arestian aipatutako helburua lortzeko erabilgarriak izan daitezkeenak. Aipatuko ditugun tresna guztiek badute web bertsioa ordenagailu batetik erabili ahal izateko eta baita app bertsio bat ere, gailu mugikorren bidez erabiltzeko.

Web 2.0 tresna batzuk zaintza teknologikorako:

Twitter

Askok Twitter 140 karaktere arteko tweetak idatz daitezkeen sare soziala bezala ezagutuko duzue. Erabiltzaileen tipologia anitza izanik, berri, artikulu edo informazio interesgarria ematen dizkiguten kontu asko aurki ditzakegu. Twitterren kontu bat sortzeko, gure inguruan eman behar dugun informazioa oinarrizkoa denez, inpertsonala dela esan daiteke. Guretzat interesgarriak diren kontuak jarraitzea da gakoa, gure hasiera orrian informazio berriena jasotzeko. Modu pasiboan erabil dezakegu Twitter, edukirik sortu gabe.

RSS teknologia

Blogak sortzearekin batera sindikazio sistema jaio zen. Etengabe eguneratzen den informazio iturri batera harpidetzeko modua da. Azken eguneraketen berri egunero hainbat web-orri arakatu beharrean, sistema honi esker azken orduko berriak jaso ditzakegu etengabe, berehalakotasun osoz. Erabiltzaileak RSS irakurle bat beharko du (Feedly, adibidez), hainbat informazio iturritara (feed) harpidetuz, modu erakargarri eta intuitiboan antolatzeko aukera izanik.

Google Alerts

Argi dago gaur egun gehien erabiltzen den bilatzailea Google dela. Google Alerts zerbitzuari esker, interesatzen zaizkigun hitzen inguruko alertak sor ditzakegu eta Googleek gai hauen inguruko eduki berria bilatzen duenean gure e-postan edo RSS irakurlean zuzenean jaso. Horretarako, garrantzitsua da termino zehatzen inguruko alertak sortzea, etorkizunean ere baliozkoak izango direnak. Dena den, edozein momentutan alda ditzakegu aurretiaz sortutako alertak, lortutako emaitzak hobetzeko asmoz.

Hauetaz gain badaude beste hainbat tresna zaintza teknologikoa egiterako garaian lagunduko digutenak, adibidez: Google Trends, Pocket, Flocker