PuntuEUS Fundazioaren xedea euskara ingurune digitalean, baliagarri, erabilgarri eta ikusgarri egitea da. Horrela, sortzetik euskara ingurune digitalean sustatzeko proiektu bat baino gehiago gizarteratu ditugu.

Oso ezagunak dira esaterako azken urtean abiatu ditugun hiru proiektu: PuntuEUS Behatokia, euskarak Interneten bizi duen errealitatearen neurketa gizarteratzen duen webgunea. Laster argitaratuko dira bertan 2016. urteari dagokion argazkia eta hitz egingo dugu honetaz ere saio honetan.

Beste proiektu bat Sarean.eus ataria izan da, Internet eta Teknologiaren agerkari digitala, hau ere euskara hutsez. Eta saretik lurrera jaitsiz, joan den maiatzaren 17an lehen aldiz Euskarazko Interneten Eguna ospatu genuen Iruñean.

Hiru proiektu hauek bakoitzak bere modura gure ingurune digitalean euskararen presentzia sustatu eta indartzea dute helburu, PuntuEUS Fundazioaren xedean eraginez.

Duela gutxi, euskararen egunean, beste bi zerbitzu sareratu genituen: Labur.eus eta Whois.eus.

Bi zerbitzu hauek ez dira originalak eta ez dute eskaintzen Interneten esistitzen ez zen zerbait, baina euskarak zuen hutsune bat betetzera datos. PuntuEUSek garatu eta Euskararen Nazioarteko Egunean sareratu dituen egitasmo hauen originaltasun-zantzu nagusia euskaraz egotea da. Gaur egun sarean eskuragarri dauden tresna gehienak beste hizkuntzaren batean daude (ingelesez gehienbat) eta atzerrian garatuak izan dira. Euskarari sarean bere tokia ematea dugu helburu, eta zerbitzu hauek horretan lagunduko dute, sarean ohikoak diren zerbitzuak euskaraz eskainiz. Ikus ditzagun banan-bana.

Labur.eus

Labur.eus estekak laburtzeko euskarazko zerbitzua da. Url luzeak helbide motz eta erraz bihurtzea ahalbidetzen du, baita helbide horiek pertsonalizatzea ere. Tresna honi esker helbide zail eta luzeak sinplifikatzen ditu. Adibidez, orain irratiz helbide bat eman behar banuke ez da erraza entzuleak gogoan izatea. Proba dezagun: .EUS domeinu bat erosteko prezio-taula helbide honetan dago: http://www.domeinuak.eus/eu/erregistratu/prezio-taula/

Gogoan hartzeko zaila, ezta? Labur.eus-ek hau errazten du helbide hauek laburtzen. Adibidez kasu honetan honakoa sor genezake: http://labur.eus/prezioak eta helbide horrek automatikoki eramango gaitu lehen luze esandako webgunera. Praktikoa, sinplea eta beharrezkoa. Eta euskaraz!

Gainera, erabiltzaileak sortutako URL laburren histora kontsultatzeko aukera eskaintzen du.

Garai batean ttiki.com-ek eskaintzen zuen zerbitzu hau, baina itxi zuen webgunea. Labur.eus PuntuEUS Fundazioak eta Dinahosting-ek elkarlanean garatutako proiektua da.

Whois.eus

Whois.eus euskarazko WHOIS zerbitzu publikoa da, webgune edo domeinu-izenei buruzko informazioa eskuratzeko tresna. Tresna honekin edozein domeinu-izenen erregistroan erabilitako informazioa eta bere eskuragarritasuna ikusi ahalko ditu erabiltzaileak, hau da, nork erregistratu duen, zein diren bere harremanerako datuak, etab.

Ezagutza teknikoa ez dutenek domeinu-izen bati lotutako informazioa kontsultatzeko aukera ematen du, baita domeinu-izen hori libre dagoen ala ez jakiteko ere. Zerbitzu honek .EUS domeinuaz gain TLD nagusiak (hau da, .com, .net, .org, etab.) kontsultatzeko aukera ematen du, informazioa euskaraz eta modu egituratuan itzuliz.

Ikuspegi teknologikotik, berriz, Whois.eus webgunea aitzindaria da emaitzak modu egituratu batean bistaratzen. Izan ere, orain arte sarean dauden antzeko tresnek emaitzak testu jarraitu moduan bistaratzen dituzte, informazioaren ulermena zailduz. Gainera, beste WHOIS kontsulta tresna batzuek ez bezala, webgune honek .EUS domeinu-izenen informazioa bistaratzeko gaitasuna du, eta guztia euskara hutsez, noski.

Bi zerbitzu hauek gainera kode irekian garatu dira, eta kodea eskuragarri dago nahi duenarentzat, egokitu eta erabiltzeko.

Esandakoa, bi zerbitzu sinple baina erabilgarri jarri ditugu euskaraz sarean nahi duenarentzat eskuragarri. PuntuEUSetik lanean jarraituko dugu euskaldunok beste hizkuntzek dituzten aukera berdinak izan ditzagun gure ingurune digitalean euskaraz aritzeko.

Artikulu hau irrati bidez eskaini da Info7 Irratiko Gureaz Blai saioan.