Zertan dira berdin-berdinak euskal youtuber bat eta, mmm, ez dakit, R2-D2?
Erraza! Biak ere zientzia-fikzioa dira.
Agertu da, halako batean, euskarazko Youtube kanal bat, ohiko youtuberren baldintza guztiak betetzen dituena: ondo definitutako pertsonaia, irudi landua, bideoak argitaratzeko maiztasun jakin bat…
Gure neurrirako, arrakasta handia lortu du gainera: bisita asko, komentario positiboak, kanaleko harpidetzak ere dezente… Ondo! Gure komunitate txiki honek beste esparrutxo bat okupatu du. Iuju!
Offlinera ere egin du salto gure youtuberraren fama. Elkarrizketak irratian, prentsan… eta hor aitortu digu: lan-talde oso bat dago nire kanalaren atzean. Jum. Beharbada ez ditu betetzen ohiko youtuberren baldintza guzti-guzti-guztiak. Baina tira, emaitza oso ona da eta, zer arraio, goza dezagun, kanalak zer gozatua ere ematen du eta!
Bat-batean, aste bat bideo berririk gabe, eta bi… eta hiru ere bai. Eta halako batean, azkenean bai, bideo berria. Eta aitorpen bat: Youtube kanal hori ez da benetakoa, Sorturen propaganda baizik. Kuak! Patata eta guarnizio osoarekin irentsi dugu amua.
Zorionak eman behar zaizkio, noski, ideia izan eta gauzatu duen taldeari. Helburu zehatza zein zen jakin gabe ere, edozein alderdik nahi luke Sortuk Supertxoperekin lortu duena: jendea adi-adi egotea haren mezuei entzuten, irribarre zabal bat aurpegian, gainera, Nerea Arriolaren dohainei esker. Eskerrak ere eman behar zaizkie guztiei bukaerako aitorpen hori egiteagatik. Erraza zen kanala besterik gabe abandonatzea, azalpenik eman gabe, eta alderdiaren helburuetarako, beharbada eraginkorragoa ere bai!
Baina sarezale-euskaltzale ikuspegi hutsetik, zer nahi duzue, bada, esatea… Albisteak badu ukitu garratz samarra. Behin “ganorazko” youtuber euskalduna agertu, eta propaganda operazio hutsa da! Etsigarria ere bada. Jokaldia errematatzeko, gainera, gure telebista publikoak aktorea fitxatu du… zer eta -berriz ere- fikziozko youtuber bat interpretatzeko.
Beharbada gure patua da, eta interneteko fenomeno masiboen bertsio deskafeinatuak sortzera kondenatuta gaude: kartel eta hedabideetan iragarritako sasi-flashmobekin hasita, atzean ekoizpen etxe oso bat duten sasi-youtuberretara iritsi arte.
Tira. Balia dezagun aukera, gutxienez, gogorarazteko medio gutxiagorekin bada ere, baditugula han hemenka gure youtube-kimu berdeak. Ikusi besterik ez dago Gamerauntsiaren inguruan sortutako koadrillatxoa, edo aurrekoan kasualitate hutsez aurkitu nuen SuperPagola inkietantea…
Hori ba: you tu be, irabazi arte! 🙂