Interneteko erabiltzaile moduan sareko enpresa handien menpe bizi gara. Google, Facebook, Twitter eta enparauek erabakitzen dute zer egin dezakegun sarean, zer partekatu, zer ikusi, zer den garrantzitsua guretzat eta zer ez. Hauek definitzen dituzte gure askatasun digitalaren mugak.
Erabiltzaile arrunt moduan nabigatzen dugunean edo bilaketa bat egitean, haiek esaten digute non aurkitu beraien ustez bilatzen ari garena, edo guretzat interesgarri behar duena izan. Eta sortzaile moduan edozer argitaratu edo partekatzeko, are kontrolatuago gaude: sare sozialak dira partekatze-gune nagusi, enpresa pribatu erraldoiek kontrolatutako plataformak. Guk, sare sozialak libre eta doako ikusten ditugun arren kontrolpeko guneak dira, eta guk bertan argitaratu nahi dugun edozer enpresa handien filtroetatik pasa beharra dauka.
Interneten nabigatzean dugun ustezko askatasuna ez da erreala. Eta gure mugak askotarikoak dira, baina bereziki kulturalak. Euskaraz aritzeagatik mugatzen gaituzte, baina kultur ikuspegi desberdina izatea ere zigortzen dute. Denbora gutxian ezagun egin diren hiru adibide baino ez dizkizuet jarriko, hobeto ulertzeko:
Lehen kasua, Chrysallis Euskal Herria elkarteari gertaturikoa. “Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak” leloarekin abiatu du kanpaina Chrysallis Euskal Herria elkarteak, haur transexualen errealitatea ezagutarazteko asmoz. Euskal Herri guztiko autobus markesinetan jarri dituzte kartelak, eta karteleko irudi bera sare sozialetara eraman dute. Baina Facebook-ek berehala moztu du gaia. Euskal Herriko autobus geltokietan ikusgai dauden marrazkiak ez dira onargarriak sare sozial amerikarrarentzat. Facebook-en kode-moral estuarentzat biluzik agertzen diren haurren marrazkiak ez dira onargarriak. Ezaguna da Facebook-ek moral-kode oso zorrotza duela, baita argazkiak zentsuratzeko duen joera ere. Arazoa non dago? Estatu Batuetan oinarria duen enpresa baten ikuspegi kulturala ez datorrela bat gurearekin.
PuntuEUS Fundazioan ere izan ditugu gure arazoak Facebook-ekin. Duela gutxi argitaratu genuen Labur.eus izeneko URL laburtzaile zerbitzua. Zerbitzu hau oso erabilia ari da izaten euskal internauten artean, bereziki sare sozialetan helbide luze eta konplexuak partekatzeko. Baina bat-batean, Facebook-ek labur.eus bidez sortutako link guztiak blokeatu egin ditu. Facebook-ek ez du ulertzen euskarazko laburtzaile baten beharra, ez duelako ulertzen euskarak Interneten duen errealitatea, eta ezagutza falta horren aurrean bere burua babesten du Facebook-ek. Nola kontrolatu ulertzen ez duena? Ezabatuz. Harremanetan jarri gara haiekin onar dezaten, baina oraindik ikusteko dago zer gertatuko den.
Azken adibidea jarriko dizuet, oraingoan Twitter-ekin. Sare sozial honetan publizitatea jarri ahal izateko hizkuntza gutxi batzuk baino ez dira onartzen, eta noski, euskara ez dago haien artean. Zergatik? Norbaitek berrikusi behar dituelako iragarkien edukiak, iraingarriak izan ez daitezen eta Twitter-ek ez du euskarazko berrikuslerik. Ondorioz hauek ere edukia blokeatzeari ekin zioten. Zorionez, kasu honetan, lortu genuen gaia bideratzea eta gaur egun euskarazko publizitatea onartzen dute PuntuEUS Fundazioaren bidez argitaratuta denean, baina ez ofizialki.
Adibide hauek, euskaldunok egunero sarean pairatzen ditugun zailtasunen zati bat baino ez dira. Beste adibide asko konta genitzake: Google bilatzaileak euskara ez filtratzeak sortzen dituen arazoak, Adwords euskaraz erabiltzeko zailtasunak, eta abar luze bat. Gure askatasun digitala enpresa handiek mugatzen dute.
Hau guztiak ikusita, software libre mugimenduaren sorreran Richard Stallman-ek definitutako lau askatasunekin oroitu naiz. Laurogeiko hamarkadan, Stallman-ek lau askatasun zehaztu zituen software librea definitzeko garaian.
Softwarea “librea” da ondorengo askatasunak bermatzen baditu:
- Helburua edozein dela ere, programa exekutatzeko askatasuna.
- Programa aztertu eta norberaren beharretara egokitzeko askatasuna.
- Programa kopiatzeko eta kopiak banatzeko askatasuna.
- Programa hobetzeko askatasuna eta hobetutako bertsioa zabaltzeko askatasuna edonork etekina atera diezaion.
Kontzeptua desberdina izan arren, Interneten erabilera, eta batez ere sarean edukiak sortu eta partekatzeko garaian ere gure askatasunak definitu eta defendatu beharra dugula pentsatzen hasi naiz. Sare sozialak komunikabide bilakatu dira, eta bertan argitaratzen den eduki guztia enpresen kontrolpean egoteak gure askatasuna mugatzen du. Mugak gainditu behar ditugu, gure askatasun digitala aldarrikatuz.
Stallman-ek laurogeiko hamarkadan sortutako software librearen lau askatasunetatik ikasi beharko genuke, eta Askatasun digitalaren manifestoa prestatzen hasi. Agian ez gara libreago izango, baina gure errealitatea hobeto ezagutzen lagunduko digu.