Internetentzat egun historikoa izan da 2016ko urriaren 1a. Urteetako zaintzaren ondoren Estatu Batuetako gobernuaren menpe egoteari utziko dio Internetek, eta  aurrerantzean ICANNek kudeatuko du.

Internet Estatu Batuek kontrolatutako sarea izan da bere historia guztian. Domeinu Izenen Sistema (DNS) ICANNen esku egon arren Estatu Batuetako gobernuarekin kudeaketa hitzarmena zuen adostua, hiru urtez behin berritzen zen hitzarmena. Aurrerantzean kontrol hori ez du izango EEBBko gobernuak.

DNS sistema Interneten sorreratik ezagutzen den zerbait da. Internet sortzearekin batera ohartu ziren IP helbideak gogoratzeko modua erraztu behar zela, eta Jon Postel izan zen hori bideratzeko DNS sistema asmatu zuena. Postel berak kudeatu zuen DNS sistema IANA izeneko erakundean 1998an ICANN eratu zen arte.

Gaur egungo kudeaketan emandako aldaketa ia 20 urteko prozesu baten amaiera dela esan daiteke beraz. 1998an IANA zenaren ardura ICANNen eskuetan gelditu zenean eman ziren lehen urratsak Estatu Batuetako gobernuak Interneten kudeaketaren gaineko kontrola utzi eta industriaren eskutan erabat utzi zezan. Baina errealitatea izan da ICANNen lana Estatu Batuetako Komertzio departamentuak gainbegiratu duela urte hauetan guztietan. Azken bi urteotan, ordea, trantsizio prozesua martxan jarri eta errealitate bihurtu da: 2016ko urriaren 1etik aurrera Internet ICANNen esku dago, gobernuen kontrolik gabe.

ICANN trantsizioa

Aldaketa hau oso garrantzitsua da, azken finean DNS sistema guztiaren kontrolari buruz ari baikara, hau da, Interneteko domeinu-izen guztien kudeaketa.

Interneteko 4.000 milioi erabiltzaileen egunerokoa gobernuen kontroletik at gelditzea izan da prozesu honen helburua, horregatik erabaki da kudeaketa hau ICANNek egitea, inongo gobernuren kontrolik gabe.

ICANN independentea da?

ICANN irabazi asmorik gabeko elkartea da, Interneteko komunitateak erakundea. Edonork har dezake parte mundu guztian zehar antolatzen dituzten bileretan. Honek ez du esan nahi ICANNek Interneteko komunitatea ordezkatzen duenik, ezta erabat independentea denik ere. Talde eta enpresa askok hartzen dute parte ICANNeko bileratan, bereziki Interneten pisu esanguratsua duten enpresak aurki daitezke bertan, Google edo Facebook modukoak, bakoitza bere interesak defendatzen.

PuntuEUS Fundazioa ere ICANNeko parte da, eta parte-hartze aktiboa dugu ICANNek antolatzen dituen bileratan. Ikusiko dugu trantsizio prozesuak aurreikuspenak bete eta komunitateak nahi eta merezi duen Internet askea errealitate bihurtzen den.

Aurreko bidalketa

Ingeniariak, inforkatikariak behar ditugu

Hurrengo bidalketa

Vintage sentsazioa, gero eta handiagoa da

Egilea

Josu Waliño

Josu Waliño

@jWalino
Norbaitek esan zidan nire Twitterreko profilean jaso nuela nire curriculumaren laburpen onena: “Informatikaria formazioz, kudeatzailea ofizioz eta idazlea afizioz”. Nire jardun profesionala beti egon da euskara eta berrikuntzarekin lotuta EHUn informatika ikasketak amaitu nituenetik: Elhuyar Fundazioan Berrikuntza eta Proiektu zuzendari, Eleka Ingeniaritza Linguistikoa enpresaren sortzaile eta Langune bezalako lankidetza proiektuak sustatu ditut. Bitartean, tarteren bat aurkitu dut haur eta helduentzat liburuak idatzi eta argitaratzeko.
Orain hiru arloak nire egunerokoan bateratzeko aukera izan dut, euskal hizkuntza eta kulturaren Interneteko domeinua kudeatuz.

Iruzkinik ez

Utzi erantzun bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude