Merkearen bila aritzen gara beti, sarean bereziki. Baina askotan, prezioari begira balioa ahanzten dugu. Interneteko proiektu bat abiatzean garbi izaten dugu izen egokiaren hautaketa ezinbestekoa dela, baina ohartu behar gara domeinu-izena garrantzitsua den heinean, horrek badituela prezio eta balio bat.

Domeinuen mundua merkatu lehiakorra da, eta hori izan da adibidez .EUS domeinuak pairatu duen arazo nagusietako bat bere zabalkundean. Prezioari bakarrik begiratuz gero, nola lehiatu 125 milioi domeinu-izen salduak dituen .com domeinuarekin esaterako? Prezio hutsari begiratzen bazaio ezinezkoa dela esan liteke, baina garrantzitsua izenaren balioa kontuan izatea da: .EUS domeinu baten erosketak .COM baten erosketak eskaintzen ez duen balio-erantsia du bere baitan, irudi honetan adierazten den moduan:

Infografia

Baina horrez gain, domeinu-izenen munduan espekulazioa eta prezioen salerosketa ohikoa da. Domeinu-izen asko salerosten dira, horretarako plataforma bereziak daudelarik Sedo-ren modukoak. Bertan mota guztietako domeinu-izenak aurki daitezke salgai, asko prezio zehatzean eta beste asko eskaintzak jasotzeko zain. Domeinuen munduan Domainer moduan ezagutzen diren figurek domeinu-izenekin espekulatzen dute beste pertsona batzuk burtsan egiten duten antzera. Domeinu-kartera aktibo eta interesgarria izaten dute mugimenduan, salerosketak sustatuz, inbertsioa errentagarri egin asmoz, kolpe erraldoi bat noiz emango duten amestuz.

Ezagunak dira domeinuen salerosketan egondako operazio erraldoiak, ezagunena Sex.com domeinua, bere garaian Munduko errekorren Guiness liburuan sartu zena historian saldutako domeinu-izen garestiena izateagatik, 13 milioi dolar. Izen egoki bat erabiltzeak balio handia du Interneten, eta erabiltzaile batzuk horren prezioa ordaintzeko prest daude.

Luxuzko eta premium domeinu-izenak

ICANNek domeinu berriak zabaltzearekin batera, era guztietako domeinuak eta prezioak aurki daitezke merkatuan. Esaterako .luxury edo .gold bezalako domeinuek esklusibitatea adierazten dute, eta domeinu-izenen prezioak horren baitan ezarri dituzte: 800 eurotik gora .luxury domeinu-izen batengatik. Baina hain esklusiboak ez diren domeinuek ere antzeko prezioak dituzte, esaterako .cars domeinu-izen bat erregistratzea 2.600 euro inguru kostatzen da urteko.

Hau guztia zergatik? Erregistradoreek badakitelako izen egoki batek balio handia izan dezakela. Adibidez, domeinu gehienek Premium kategoriako izenak dituzte salgai. Kategoria honetan balio handiko domeinu-izenak sartzen dira, izen generiko oso bilatu edo interesgarriak (hotelak, turismoa, pornoa…), eta horien prezioa ohikoa baino garestiagoa edo subasta moduko sistemak ezarri ohi dira. Esaterako, .Berlin domeinuak zuzenean saltzen ditu Premium kategoriako izenak, horietako batzuk 24.900 eurotan.

Hau guztia ikusita, kontuan izan domeinu-izen bat erostean ordaindutako prezioak bere balioa ordaintzeaz gain badituela beste hainbat ezaugarri, erositako izenaren balio-erantsia bezalakoa.