Bizirik dagoen ekosistema baten modukoa da Internet. Etengabe aldatzen, eboluzionatzen, garatzen ari da, eta uneoro aurkitzen ditugu bertan espezie eta animalia berriak. Azken urteotan, ordea, inoizko aldaketarik handiena bizi izan du, eta gehienak ez gara horretaz ohartu. Beno, gu bai, hein batean behintzat.

Azken 30 urteotan .com, .net eta domeinu gutxi batzuk gehiagoren bueltan nabigatzen aritu ondoren, iraultza iritsi da domeinuen mundura. Iraultza hau 2011n hasi zen, ICANNek domeinu berrien eskaerak egiteko aukera zabaldu eta ia 2000 eskaera jaso zituzten. Horietatik 2014. urtean 1.300 inguru onartu ziren, tartean .EUS domeinuarena. Artikulu honen amaierako infografian ikus daiteke domeinuek izandako eboluzioa 30 urte hauetan.

Sortutako domeinu berri horietako batzuk .eus bezala komunitate kultural bati (.gal edo .bzh esaterako) dagozkie, eta beste asko geografikoak dira (.barcelona, .madrid, .berlin edo .london bezalakoak). Gehienak, ordea, izen generikoei dagokie, .futbol, .club edo .guru bezalakoak. Hauek guztiak sarean erabilgarri daude, batzuk arrakasta gehiagorekin besteak baino. Aldi berean domeinu pribatuak ere sortu dira, marka komertzialei lotutakoak: .seat, .mango edo .zara bezalako domeinuak. Oraindik ikusteko dago marka pribatuek nola kudeatuko dituzten hauek.

 

Domeinu berriak, aukera berriak

Interneteko domeinu berriek aukera berriak zabaltzen dituzte webgune bat izendatzeko garaian, helbide eta izen interesgarriak sortuz. Esaterako .eus domeinua erabiltzeak, euskalduntasuna adierazten du, eta esanahi hori baliatu dezakegu izena osatzeko garaian: zergatik sortu euskaltxirrindularienelkartea.com bezalako helbideak txirrindulariak.eus -ek berdina adierazten duenean?

Gaur egun ez da nahikoa .com izatea Interneten ikusgarritasuna lortzeko. Domeinu bat baino gehiago erabiltzea interesgarria izan daiteke. Adibidez, Donostiako “Zapatari” izeneko zapata-denda batentzat egokia da zapatari.eus erabiltzea webgunerako, baina aldi berean zapatari.shoes edo zapatari.tienda bezalako domeinuak ere izan ditzake Google-en egon daitezken bilaketa-mota guztietan nabarmentzeko.

Google-ek oso kontuan baitu domeinu berrien prozesua, eta .google edo .app bezalako domeinu propioak sortu ditu. SEO aldetik ere beste edozein domeinu bezala tratatzen dituzte domeinu berriak. Are gehiago, marketin azken azterketen arabera Google Adwords-eko publizitatean domeinu berriek ohiko .com-ak baino emaitza hobea ematen dute.

Euskarak .EUS domeinuarekin Interneteko iraultza berria garaiz heldu du. Erabiltzaileen garaia iritsi da orain, ohar gaitezen guk ere gure webguneak eta nabigazio ohiturak domeinu berrietara egokitu behar ditugula berandu izan baino lehen.

List of domain extensions 2016