“Atzo goizean gertatu zela dirudi, baina ez, euri asko egin du euskaldunok sarera jauzi egin genuenetik”. Horrela hasten da “Gailurra beti dago gorago”, euskarak Interneten gainditutako mugarriak aurkezten dizkigun bideoa.
Euskarak Interneten izan duen garapena ona izan dela esan dugu askotan, eta horren inguruko hausnarketa egin genuen PuntuEUS Behatokia aurkeztu genuenean. Orain, Euskarazko Interneten I. Eguna aitzakia hartuta, PuntuEUS Fundazioak beste ekimen bat jarri du abian: euskarak Interneten izan duen eboluzioaren mugarri nagusiak identifikatu eta bideo batean irudikatzea. Hainbat modu eta bide bururatu zitzaizkigun hori egiteko, baina formatuaz harago edukiak kezkatzen gintuen: zein ziren euskarak Interneten izandako mugarri nagusiak? Nola hautatu euskararentzat mugarri izan diren ekimenak, zein irizpideren arabera?
Edukien hautaketa modu kolaboratiboan lantzea erabaki genuen, horretarako euskarak Interneten izandako historia ongi ezagutzen duten eragileei laguntza eskatuz, eta berehala erantzun ziguten beraien proposamenekin. Lankidetza honi esker, euskara Interneten indartu duten hirurogeitik gora ekimen zerrendatu genituen, alor eta garai guztietakoak. Egin nahi genuen aurkezpenerako gehiegi, baina aldi berean euskarak Interneten esparru guztietan presentzia aktiboa nabarmentzen duen zerrenda.
Lehentasunak ezarrita, jasotako proposamenak filtratu ondoren hamazazpi mugarri nagusi identifikatu genituen, bideoan eta artikulu honen amaieran zerrendatu ditugunak. Ziur hautapen horretan falta direla mugarriak, ziur badirela nabarmentzea merezi duten beste batzuk, baina hauek izan dira guk identifikatutakoak, eta hemen duzue emaitza:
Jarraian duzue zerrenda osoa, gailurrez betetako mendikatea. Euskarak Interneten gainditutako gailur asko jaso ditugu bertan, gailur asko utzi ditugu atzean, eta gailur asko ditugu oraindik ere gainditzeko. Azken finean, izenburuak dioen moduan, gailurra beti dago gorago.
Euskarak Interneten izandako mugarri nagusiak
- 1994 – Buber’s Basque Page (lehen aldiz euskarazko edukia interneten)
- 1996 – Lehen posta zerrendak: Lehenik EuskaraZ sortu zen, gaur egun desagertua. Ondoren Eibartarrak posta zerrendaren sorrera, gaur egun oraindik bizirik.
- 1997 – Kaixo.com – en sorrera. Lehen euskal atari eta bilatzailea, elebitan zegoena
- 1998 – Euskara eta Internet jardunaldiak (IEB)
- 2001 – Google euskaraz: lehen bertsioa bilatzaileko interfazeetan “Baietz lehenengoan” esaldiarekin…
- 2001 – Sustatu-ren sorrera Euskarazko lehen weblog edo agerkari digitala
- 2001 – Euskarazko Wikipedia
- 2003 – Librezaleren sorrera eta Mozilla Firefox nabigatzailearen itzulpena
- 2005 – Lehenengo blog plataformak: Blogari.net eta Blogak.com
- 2005 – Tropela jaiotzen da: txirrindularitza, euskara eta informatika
- 2006 – Euskalbar sortzen da
- 2006 – Twitter: Lehenengo euskarazko txioak (Interfazea 2012an)
- 2008 – Facebook euskaraz
- 2011 – Euskarazko edukiak Telebistan Nahieran ikusteko aukera
- 2013 – Euskaltzaindiak “a bildua” izena adosten du @-rentzat
- 2014 – Game Erauntsiaren sorrera
- 2014 – Euskal hizkuntza eta kulturaren .EUS domeinua gizarteratzea