Teknologiaren mundua azkarregi doa, gauza gehiegi gertatzen dira egunero, eta noski atzera begiratzen hasten garenean, normala da, zorabioa sentitzea. Aurreko artikuluaren haritik tiraka, gaur beste behin ere, atzera begiratzea bururatu zait. Beste behin ere Vintage sentitu gaitezen.
Argazki kamera
Akaso, iraultza handiena jasan duen aparailua izango da. Karretea behar zuen gailua, gutxi gora behera 24 argazki atera zitzakeena. 24 besterik ez! Eta gainera argazki dendara eraman arte, ezin jakin argazkia ongi zegoen. Asko pentsatu behar zen klik bakoitza egitean. Azaldu hori gaur egungo haurrei, argazki bat atera bezain pronto gure smartphonetako pantailetan euren burua ikusi nahi duten horiei.
24 argazki bakarrik, karrete bakoitzeko, dendara eraman beharra ongi zeuden ikusteko… Gaur egun, zenbat selfie ateratzen ditugu? Gaur egungo ohitura hau kamera zaharretara eraman ezkero…. Zenbat balioko ote luke guzti hori dena errebelatzeak?
Munduko informazio dena CD batean sartzen zen
Zer esango zenidake munduko informazio guztia CD baten barruan sartzen zela esango banizu? 750 megabytetan, dena sartzen zen. Encarta ezagutzeko aukera izan bazenuen, ziur sentsazio hau izan zenuela. Ordura arte, etxeetako apalak janzteko eta hautsa harrapatzeko besterik balio ez zuzten entziklopediak genituen, erostearekin batera, zaharkituak geratzen zirenak. Eta Encarta… urtero berritzen zuten!!!! Izugarria!!! Harrigarria!!! Beste CD bat eskuratzea nahikoa zen munduko informazio berri dena eskuetan izateko.
Bale, akaso gehiegi esaten ari naiz, baina sentsazioa hori zen. Pentsatu genezake, CD horren ondorengo,a Wikipedia dela baina hau ez da CD batean sartzen…. Puxtarri bat Encartaren alde!
Sagu bat!!!!
Eta orain, oraindik eta nostalgikoago jarriko gara. Norbait oroitzen da sagurik erabiltzen ez zen garai haietaz? Sistema eragile denak komando bidez funtzionatzen zuten garaiak (Beno gaur egun Linuxero askok oraindik hau oso presente dute).
MS-DOS, pantaila beltza eta letra txuriak zituen sistema: C:, CD.., tree… oraindik komando gutxi batzuk gogoan ditut! Ez zegoen klik egiteko gunerik! Ezta pantaila ukigarririk ere! Eta hala ere lan egiteko gai ginen. Hala ere gaur egun oraindik ez dakit nola demontre moldatzen ginen WordPerfect bezalako teditoreekin! Windows 3.1 eta Mac OS iritsi zirenean, hau dena aldatu egin zen, eta hein batean, eskerrak!
Nostalgia, zein polita den, baina zer nolako buruko minak sortzen dizkigun gai zaharrak gogora ekartzen ditugun bakoitzean. Hobe dosi txikietan hartu ezkero, bestela Vintage baino…. Zahar sentituko baikara.