Ia 25 urte pasa dira dagoeneko SESB (Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna) desagertu zenetik. Hala ere, herrialde horrek Interneten bizirik dirau, eta ez gaiaren inguruko eduki asko topa daitekeelako bakarrik, baizik eta SESB-ak domeinu propio bat daukalako, .su domeinua, alegia. Domeinu hori ccTLD motakoa da, hau da, ICANN-ek herrialdeentzat erreserbatzen duen goi mailako domeinu bat.
.su domeinua 1990. urteko irailean esleitu zitzaion Sobietar Batasunari, herrialdean kokatutako webguneak identifikatzeko balio zezan. Herrialdeak handik urtebetera existitzeari utzi zion arren, domeinua ez zen ezabatu, Jugoslaviaren .yu edota Alemaniako Errepublika Demokratikoaren .dd domeinuekin gertatu zen bezala. Horren ordez, Errusiaren ccTLD-a izango balitz bezala funtzionatu zuen, 1993an Errusiari .ru ccTLD domeinua esleitu zitzaion arte.
.SU eta .RU Domeinuak
Geroztik, .su domeinuaren erregistro kopurua jaitsi egin zen, Sobietar Batasuna osatzen zuten herrialdeak ccTLD propioa eskuratzen joan zirelako, eta hortik aurrera Sobietar Batasunaren oroimina zuten pertsona edo erakundeek erabili zuten batez ere. Sobietar Batasunak existitzen ez zuenez, ICANN-ek domeinua ezabatzeko asmoa azaldu zuen garai hartan, baina erabiltzaileen eta Errusiar gobernuaren eskariz, mantendu egin zen.
Gaur egun edonork erregistra dezake .su domeinu bat, beraz, nahi izatekotan 8 €-tan urtebeterako eskuratu dezakezu zure domeinu-izena. RU CENTER erakundeak emandako estatistiken arabera gaur egun 118.000 .su domeinu-izen daude erregistratuta, azken hilabeteetan nahiko konstante mantentzen ari delarik.
Erregistroa egin aurretik, baina, kontutan izan .su domeinuak bilatzaileetan ospe txarra duela. Horren arrazoia da .su domeinua modu egokian erabiltzen duten domeinu-izen asko egon arren, are eta nabariagoak direla SPAM-a bidaltzeko edota erabiltzaileen datu pertsonalak baimenik gabe eskuratzeko erabiltzen diren .su domeinu-izenak. Joera hori indartu egin da .ru domeinuaren arduradunek .ru domeinudun iruzurrezko webguneekin amaitzeko helburuarekin erabilera-baldintzak gogortu zituztenetik, horren ondorioz webgune horietako asko .su domeinura pasa dira eta.