Gure egunerokoan domeinu-izena hitza entzuten dugunean, burura etortzen zaigun lehen gauza (zerbait okurritzekotan) webgunea edota e-posta izaten da, baina ez da hori domeinu-izenei ematen zaien erabilera bakarra. Artikulu honetan izan dezaketen beste erabilera bati buruz hitz egingo dizuet: hezkuntza.
Informatika ikasketetan, batez ere unibertsitate eta lanbide heziketan, domeinu-izenei buruz hitz egitean, erabilera irudikatzeko, adibideak erabiltzen dira. Adibide gisa domeinu-izen ezberdin ugari erabili daitezke baina komeni da etsenplu horiek identifikatzeko errazak izatea, benetako domeinu-izenak eta ilustrazio helburuetarako soilik direnak ezberdindu ahal izateko. Horrela, adibide hori probetarako erabili ahalko da berez martxan egon beharko lukeen domeinu-izen batekin gatazkarik eduki gabe.
Horretarako, IANA (Internet Numbers Assigned Authority) erakundeak domeinu-izen batzuk erreserbatu zituen domeinu nagusietan, esate baterako, example.com eta example.org. Domeinu-izen horiek adibideetan erabili daitezke, baita probak egiteko ere, erabilgarri daude eta.
Horretaz gain, helburu berberarekin IETF (Internet Engineering Task Force) erakundeak .example domeinua erreserbatu zuen. Adibide bezala erabili ahalko dela ziurtatzeko, domeinu hori ez dago martxan eta ezin da .example luzapen domeinu-izenik erregistratu.
Adibidea.eus
Adibide gisa erabiltzen diren domeinu-izen gehienak ingelesez daude eta euskarazko dokumentazioa osatzean ere hizkuntz horretan erabili behar dira. Horri aurre egiteko PuntuEUS Fundazioan adibidea.eus domeinu-izena martxan jartzea erabaki dugu, adibide horiek euskaraz ere sortu ahal izateko. Hemendik aurrera domeinu-izen hori erabilgarri egongo da nahi duenak bere dokumentazioan erabili dezan, inolako mugarik gabe.
Dokumentaziorako erreserbatuta egoteaz gain, domeinu-izenak erabilgarri dauzka ondorengo zerbitzuak:
- Domeinu-izenaren edozein azpi domeinu atzitu daiteke arakatzailean, baita adibidea.eus bera ere. Kasu denetan eduki bera dago eskuragarri, domeinu-izenaren helburua modu laburrean azalduz. Oraingoz HTTP bidez soilik atzitu daiteke, SSL bidez konektatzeko aukera hurrengo bertsio baterako utzi baita.
- Domeinu-izenaren edozein posta-helbidera mezuak bidali daitezke. Mezua jasotzean erantzun automatiko bat bidaliko zaio bidaltzaileari.
Bide batez, Julen Ruiz-i eskertu nahiko nioke adibidea.eus domeinua martxan jartzeko ideia proposatu izana. Era berean, bestelako iradokizunik baduzue jarri gurekin harremanetan eta saiatuko gara horiek ere burutzen.