ICANN-en erabakiz gTLD (generic Top Level Domain) guztien funtzionamendua aldatu egingo da aurtengo abenduaren 1etik aurrera. Domeinu-izen baten jabe edo titularraren informazioa (domeinuaren jabe den enpresa/norbanakoaren izena, posta-helbidea, etab.) aldatzeko asmoa baduzu, araudi aldaketa hau interesatuko zaizu.

Orain arte domeinu-izenaren jabearen informazioa aldatzeko nahikoa izan da erregistratzailearen orrialdera joan eta erabiltzailearen gunean eskaera egitearekin. Hori egitearekin informazioa automatikoki eguneratzen da, domeinu-izenak bestelako eraginik jasan gabe.

Abenduaren 1etik aurrera, berriz, aldaketa ez da hain erraza izango. Lehenik eta behin, eguneraketa eskaera bat egitean, jabe berriak eta zaharrak onartu beharko dute aldaketa honek aurrera jarraitu ahal dezan. Jabe berri eta zaharraren onarpena jaso ostean domeinu-izen hori ezingo da beste erregistratzaile batetara transferitu 60 egun pasa arte. Aukera dago muga hori kentzeko baina horretarako erabiltzaileak informazio eguneraketa eskatzean espresuki hautatu beharko du debekua ezgaitzea. Hori egin ezean, derrigorrezkoa izango da 60 egun horiek itxarotea, behin aldaketa eginda ezin baita aldatu.

Aldaketa horrek arazo batzuk ekar ditzake. Esate baterako, domeinu-izen bati esleitutako posta-helbideak funtzionatzeari utzi badio eta erabiltzaileak posta-helbide hori zuzendu nahi badu, ezingo du aldaketa egin, helbide zaharretik ere aldaketa onartzea beharrezkoa da eta. Argitzeke dago horrelako kasuetan zein alternatiba egongo den.

Azkenik, araudi aldaketak domeinu-izenen transferentzia prozesuan, domeinu-izen bat erregistratzaile batetik bestera pasatzea, alegia, ere eragina izango du. Izan ere, domeinu-izena transferitzeko eskaera bertan behera geldituko da burutu bitartean domeinu-izena iraungitzen bada. Era berean, eskaera burutu bitartean domeinu-izenaren titularraren informazioa eguneratzen bada transferentzia ezeztatuko da. Gainera, kasu horretan 60 egunez ezingo da domeinu-izena transferitu, eskaera egitean debekua ezgaitzeko aukera hautatu ezean.

Irudia | Serps Invaders