.EUS elkartea, beranduago fundazio bihurtu zena, .EUS domeinua lortzeko helburuarekin sortu zen, beraz esan genezake bere helburua lortu duela.  2014ean ICANNek beste 783 domeinuen artean .EUS domeinua onartu baitzuen.  Zortzi urteko lanaren ondoren 2014ko abenduaren 3an abian jarri ziren lehenengo .EUS domeinuak .

Lehenengo helburua lortu ondoren beste fase batean sartu zen fundazioa: Webguneetan euskararen erabilera bultzatuko duen domeinua izan behar zuen .EUSek. Ekonomia aldetik autonomoa izan behar zuen, enpresa bideragarria, horretarako kalitate eta kantitatea landuz. Helburua hau ere bete dela esan genezake. Kalitate aldetik, 783 domeinu berrien artean egindako rankinean, 4. azaltzen da .EUS

Kantitate aldetik ere 5.000 domeinuen erregistroaren langa 2016ko urtarrilean lortu zuen, urruti dago katalanek bere .CATekin lortu berri duten 100.000 domeinuen marka (Badira hamar urte .CAT martxan dagoela). Gurekin batera hasi ziren Galegoak, bere .GALekin: Gaur egun 2.500 domeinu inguru lortu dituzte. Euskararen erabilera sustatze aldera ikus daiteke honetan ere asmatu dugula, .EUS erabiltzen duten webguneetan euskararen erabilera nagusia da.

Beraz, orain arteko emaitzak ikusi ondoren, hurrengo fasean batean sarturik, domeinu kopurua emendatzea lortu beharko genuke.  100.000tik gora dira Euskal Herrian erregistratutako .com domeinuak, beraz hazkunderako posibilitate handiak daude. Ematen du sortu berri diren webguneetan .EUS domeinua nagusi dela, baina lehendik sortuak dauden 100.000 domeinu horietan gure presentzia handitu beharko genuke. Teknikoki erraza da domeinuz aldatzea, baina badira gainditu beharreko traba batzuk ere, batez ere marka aldetik, rotulazioa, paperezko euskarriak, publizitatea,…

Domeinu kopuruaren hazkundeak hauspo ekonomikoa  emango lioke fundazioari  eta erronka berrietan pentsatzeko aukera:

  • Mundu mailako foroetan parte hartzea (ICANN,…)
  • Behatokiaren jarraipena izatea
  • .COMetik .EUSera migrazioetan laguntza teknikoa eskaintzeko posibilitatea
  •  Domeinuaren prezioa merketzeko aukera, beste domeinuak baino garestiagoa bai da gurea