Gaur egun adostasuna duen baieztapena da: Oinarrizko Hezkuntzaren bukaeran ikasleak lortzea espero den irteera-profila, neurri handi batean, oinarrizko konpetentzien baitan definitzen da. Horrela diote Euskal Curriculumaren egitasmoak (2005), Europako Batzordearen gomendioak (2006), Loi d´Orientation-ek (2006), LOMCE-k, Nafarroako eta EAEko dekretuek.

Euskal Curriculumean, euskal hezkuntza ereduaren ardatzak definitzen ahalegindu gara eta ardatz horietan lehena hauxe jarri dugu: “ikaslearen irteera-profilean oinarritutako curriculuma” dela geurea. Irteera profila hobeto islatzen duten elementuak (beste osagaiekin batera) oinarrizko konpetentziak dira, hau da, bizitzarako beharrezkotzat jotzen direnak.

Industria Iraultzaz geroztik, Ezagutzaren Gizartea da Mendebaldeko gizarteetan gertatu den transformaziorik garrantzitsuena eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak dira (IKT) aldaketa horien guztien eragileak. Digitalizazioak informazioaren tratamendu-ziklo guztiari eragiten dio: informazioa bilatu, eskuratu, balioetsi, sailkatu eta gordetzeko estrategia eta baliabide digital eraginkorrei. Faktore multzo horri esker, transformazio-ahalmen handia daukate IKTek, beren garaian inprentak edo lurrun-makinak eduki zutena bezain handia. Mundua digitala bihurtu da.

Konpetentzia digitalak, oinarrizko konpetentzia izanik, ikasle guztiei Ezagutzaren Gizartean moldatu ahal izateko baliabideak eskaini behar dizkie. Era berean, teknologia modu instrumentalean menderatzea baino gehiago izan behar du konpetentzia horrek; sarean dagoen informazioa kritikoki eta arduraz erabiltzeko gaitasuna eman behar du, eta bitarteko horietan modu sortzailean aritzekoa ere bai.

Konpetentzia digital horren eremuak eta dimentsioak definitzeko eta ikasleen irteera profila finkatu ahal izateko, Europako DIGCOMP (Digital Competence) markoa hartuko dugu oinarri. Marko hori Europako Batzordearen IPTS institutuak garatu du eta bost eremu nagusi definitzen ditu: informazioa, komunikazioa, edukiak sortzea, segurtasuna eta arazoak bideratzea.

Eremu horietan, gainera, azpi-eremuak ere zehazten ditu eta 3 garapen-maila: oinarrizkoa, tartekoa eta aurreratua. Horrekin guztiarekin ikasle, irakasle edo hiritar bakoitzaren konpetentzia digitala sailka genezake. Hemen IKANOS proiektutik hiritarren konpetentzia digitala neurtzeko autodiagnosi-testa. Hamabost bat minututan egin daiteke eta zure profilarekin txosten bat eskainiko dizu.

Eta nola garatu konpetentzia digitala hezkuntzan? IKTak ikasarloetan txertatuz. Hau da, ikas-irakaskuntza prozesuan baliabide digitalak normaliza daitezen, horiek ikusezin bihurtzea da erronka nagusia, ikasgelako jardueretan txertatzea, ohiko eta eguneroko bihurtzeraino.

Irudia | Aritz Trueba