Azken asteetan Estatu Batuetatik datorren “Bottle-Flipping” modarekin harrituta
nago. Joko honek gazteen artean izugarrizko sukarra sortu du, helburua erdiraino
beterik dagoen ur botila bat airera bota eta zutik uztea da. Besterik ez, joko
merkea, edonoren eskura dagoena eta trebezia gehiegirik behar ez duena.
Jokoa Charlotte-eko ikastetxe bateko gaitasun lehiaketara aurkeztu zen partaide
batek sortu zuen, beno, momentu horretan biralizatzen hasi zen, jokoa bera
lehenagokoa izango da. Honako hau da momentu hori.
Jokoaren zailtasuna botila botatzeko moduan egon daiteke, ur botila botatzeko
moduak ugariak izan daitezkeelako eta bestalde, ur botila hori botatzen den
lekuaren arabera ere zailtasuna handitu daitekeelako.
Edonor jolastu daiteke jokora eta edozeinek ur botila zutik uztea lortu dezake.
Honi, jendearen asperraldiak eta botila zutik uzteak dakarren arrakasta momentua
grabatzeko dagoen joera batzen badizkiogu, orain daukagun bideo zaparrada
lortzen dugu. Hemen ikusi daitezke hauetako batzuk.
Jokoa bera txorakeria hutsa da, baina gaur egun joko guztiak digitalak eta pantaila
baten aurrean direla ikusita, garai bateko yo-yo, ziba edo “hula-hoop”-ak
gogorarazten dizkit. Joko hauek oso arau errazak dituzte eta hauen gakoa jolasten
duenaren trebezian datza.
Hala ere, gauza ez da hemen bukatzen eta fisikaren legeekin esperimentatzeko
aukera ematen duen joko honek dagoeneko beste salto bat eman du. Badira
jokoaren moda aprobetxatu eta oso azkar bertsio digitala atera duten garatzaileak.
Aplikaziorik?
Azken asteetan deskarga kopuruen zerrendetan, goiko postuetan joko honen
zenbait aplikazio ikusi ditzakegu, eta hauen deskarga kopurua kontutan izatekoa
da. Esate baterako, “Bottle Flip”, “Flip Water Bottle” eta “Flippy Bottle Extreme!”
1.000.000 eta 5.000.000 deskargen artean daude. Aplikazioak, jokoa bezala, oso
sinpleak dira, baina barruan dauzkaten iragarki edo “in-app” erosketekin, eta
deskarga bolumen horrekin, izango dituzten etekin ekonomikoak ez dira baxuak
izango.
Benetan harrigarria da modan dauden joko unibertsal hauek nola biralizatzen
diren ikustea, baina oraindik harrigarriagoa da hori erabili eta denbora oso txikian
hauen olatua aprobetxatzen duten aplikazioak ikustea. Izan ere, aplikazioen
mundu honetan ideia on bat izan, horrekin aukera bat ikusi eta aplikazioa
merkaturatzen lehenaizateak garrantzia izugarria du.