Txikitan zientzia-fikziozko pelikulak ikusten nituenean liluratuta gelditzen nintzen. Pelikula horietan etorkizunari buruz hitz egiten zen eta etorkizun horrek ekarriko zizkigun aurrerapen teknologikoekin jolasten zuten. Irrikaz espero nuen etorkizun hurbil horretan egongo ziren tresna teknologiko horiek erabiltzeko momentua.
Zinegileen irudimenak ez du mugarik eta aurreikusten ziren gauza asko oraindik iritsi ez zaizkigun arren, badira aspalditik erabiltzen ditugunak ere. Kotxeak hegan ikusteko oraindik falta dela ematen du, baina pelikula horietako askotan ikusten genituen bideo-deiak orain dela urte dezente iritsi ziren guregana.
Ez naiz pelikula guzti horien errepasoarekin hasiko, baina besteak beste, Blade Runner (1982) pelikulan bideo-deiak telefono-kabina antzeko batzuetan egiten zituzten eta Back to the Future Part II (1989) pelikulan bideo-deiak erosoago etxeko egongelatik egiten zituzten eta pantailan hitz egiten ari zirenen informazio gehigarria ikusi ahal zuten.
Ordenagailuarekin bideo-deiak webcam-a ezagutu genuenean iritsi zitzaizkigun, izan ere eta nahiz eta ondo ez gogoratu, lehen webcam-a 1992 urtean komertzializatu zen. Nik egin nuen lehen bideo-deia 2005 inguruan izan zen eta Internet konexioaren abiadura eta kamerak zuen erresoluzioarengatik ez zen pelikuletan ikusten zen berdina, baina hitz egiten ari zinen pertsonaren aurpegia ikusteak kontzeptu berri garrantzitsua suposatu zuen.
Hurrengo urteetan bideo-deien kalitateak azkar egin zuen goraka eta ordenagailuak webcam-ak integratuta ekartzen hasi ziren eta jende gehiagok zuen eskura bideo-deiak egiteko aukera. Etorkizun harrigarri horretan ikusten genuena dagoeneko gaurko egunerokotasunean barneratuta daukagu eta pelikuletako bideo-deietan zegoena baina pausu bat aurrerago gaudela esango nuke.
Orain dela aste pare bat Google-ek mugikorretatik bideo-deiak egiteko Duo izeneko aplikazio berria atera zuen. Gaur egungo mugikorrek bideo-deiak egiteko behar den hardware guztia integratuta daukate eta pelikula horietan irudikatu ez zen tresna honekin aurrerago joateko aukera daukagu.
Aurretik Google-en Hangouts aplikazioa ere mugikorretik erabili ahal genuen, baita FaceTime, Skype, Line edo antzeko aplikazioak. Google-k Duo-rekin mugikorretako esperientzia hobetu nahi du eta bideo-deiak egiteko erraztasuna handitu. Bideo-dei kalitatea, nahiz eta Interneterako konexioa oso ona ez izan, optimizatu egiten du eta aipagarria den Knock Knock funtzionalitatea sartu du, honekin bideo-deia hartu aurretik zuri deitzen dizunaren bideoa ikusteko aukera ematen da.
Google Duorekin prozesua gehiago errazteko, bideo-deiak telefono zenbaki batera egiten dira eta mugikorretan bakarrik erabili daiteke. Aplikazioa ireki, bideo-deiaren botoia sakatu eta agenda irekitzen da, bertan hitz egin nahi duzun pertsonaren zenbakia aukeratu eta bideo-deia martxan jartzen da.
Gaur bideo-deiak edonon, edonorekin eta oso erraz egin ditzakegu denek poltsikoan daramagun tresna txiki baten bidez. Hori ez zen orain dela 30 urte egiten ziren zientzia-fikzio pelikuletan ikusten eta dagoeneko pentsatzen zen etorkizun hori konturatu gabe gainditzen ari gara. Gaur egungo zientzia-fikzio pelikula berriak ikusi beharko ditugu hemendik 30 urtetara gaindituko dugun etorkizun hori irudikatzeko.