Orain dela aste pare bat Niantic enpresak Nintendorekin batera Pokémon Go
aplikazioa atera zuen. Aplikazio joko honek bere lehen asteetan izan duen
arrakasta izugarria izan da.
Izan duen deskarga kopurua beraien aurreikuspenetatik gora egon da eta zenbait
momentuetan jokoaren informazioa kudeatzen duten zerbitzariak erori ere egin
zaizkie. Jende askok, nahiz eta bere herrialdean jokoa oraindik ofizialki publikatuta
ez egon, beste iturri batzuetatik lortu eta instalatu du, ahal den azkarren
aplikazioarekin jolasteko.
Aplikazioaren ezaugarri nagusiena Pokémon-ak (animalia bitxi birtualak) mundu
errealean harrapatzea da. Horretarako, mugikorrarekin fisikoki leku batetik
bestera mugitu behar duzu kilometroak eginez eta bidean azaltzen zaizkizun
Pokémon-ak harrapatuz.
Bidean Pokémon-etaz gain, Pokegeltokiak eta Pokegimnasioak daude geokokapen
konkretuetan. Hauetan Pokémon-ak harrapatzeko tresnak lortu daitezke eta beste
erabiltzaileekin borrokak egin daitezke.
Jokoaren helburua Pokémon guztiak harrapatzea da, 151 ezberdin daude, eta
horretarako zure erabiltzailearen maila handitzen joan behar duzu azaltzen
zaizkizun Pokémon guztiak harrapatuz eta beste erabiltzaileekin borroka eginez.
Jokoa bukatzea ia ezinezkoa da, Pokémon guztiak harrapatzeko munduko
kontinente guztietan egon behar da fisikoki eta gainera zenbait Pokémon
antolatuko diren ekitaldi berezietan bakarrik jarriko dituzte eskuragarri. Hala ere,
hau ez da erabiltzaileei asko kezkatzen dien zerbait eta Pokémon-ak harrapatu eta
harrapatu dabiltza kale guztietan zehar.
Argi dagoena jokoan aurrera egiteko mugitu behar duzula da, mundutik ibili eta
ibiliz. Jokoaren monetizazioa ezaugarri honetan oinarritzen da eta hainbeste
kilometro egiten ez ibiltzeko eta bidea errazteko zenbait elementu aplikazio
barruko dendan erosi daitezke. Finantzazio modelo honekin, publikatu zen
egunean bakarrik, 5 miloi dolar lortu zituzten, beraz jokoaren arrakasta diru
sarrera aldetik ere izugarria da.
Honek ekarri duen eromenarekin askori burura etortzen zaigun galdera betikoa
da: zergatik izan du aplikazio honek hainbesteko arrakasta? Aplikazioa teknologia
aldetik ez da hain iraultzailea, geokokapena eta errealitate areagotua lehenago
erabiltzen zuten aplikazioak asko dira, izan ere, aplikazio honen garatzaileek
aurretik “Ingress” izeneko jokoa egin zuten eta arrakasta handia izan zuten arren,
ezin da Pokémon Go-k izan duenarekin alderatu.
Jokoaren arrakasta Pokémon markari lotua dagoela iruditzen zait. Nintendo-k
orain dela urte asko atera zuen jokoari kontzeptu buelta bat eman dio eta joko
originala ezagutu zuten belaunaldiak erakartzeaz gain, jatorrizko Pokémon jokoak
dituen onurak ere belaunaldi gazteagoei aurkeztu die formatu berri batean.
Jokoaren lehen asteetako arrakasta oso handia izan da eta honek eragin dituen
zenbait berrik izan duten oihartzuna ere bai, jendea kaletik animalia birtualak
ehizatzen ibiltzearen ondorio, istripu eta nolabaiteko sukarrarengatik. Aurretik
ikusi dugun bezala joko honen moda irauten duen bitartean sortzaileek etekin
handia aterako dute eta moda pasatzen denean beste ikuspuntu batekin ikusiko
dugu mundu birtuala eta erreala lotzeko barneratzen ari garen kontzeptu hau.