Informazio eta Komunikazio Teknologiak atzera bueltarik gabe garatzen eta txertatzen ari dira gure inguruan. Gainera, neska-mutilak, erabiltzen dituzten gailu eta aplikazioen bitartez, gizarte digital horretan gero eta goizago sartzen dira, horrek dakartzan aukera eta arrisku guztiekin.

Bizitzako hainbat eremutan, txikitatik erakutsi digute gurea dena defendatzen eta kalean kontuz ibiltzen: etxea giltzez ixten dugu eta ez diogu atea edonori irekitzen, bizikleta lotu egiten dugu, kalean ez gara edozeinekin joaten, gauez kontuz ibiltzen gara…Baina ba al dakigu nola aritu Interneten eta zein segurtasun neurri hartu?

Nola babestu orduan adingabeak Interneten modu seguruan aritzeko? Zein tresna edo aplikazio dira egokienak?
Lan horretan laguntzeko, kontrol parentala deritzon baliabidea dago. Bere bitartez adingabekoek egiten duten teknologiaren erabilpena kudeatu, kontrolatu eta zuzendu daiteke. Baina Azkue Fundaziokoek adierazten diguten bezala: “…adingabekoen jarduera neurri batean mugatu daiteke, baina hauek beste gailu ugari erabiltzen dituzte beste ingurune batzuetan: ikastetxean, lagunekin, liburutegietan… Beraz, HEZIKETAN dago gakoa: adingabekoek txikitatik ikasi behar dituzte ardura batzuk eta jarduerarako arauak adostu behar dituzte…”

Erronka horri, beraz, hezkuntzatik eta, oro har, gizartetik nola erantzun aztertu beharko dugu. Gazteak teknologiak eta Internet gero eta adin goiztiarragoetan erabiltzen hasten direnez, horrek eskatzen du konpetentzia digitaletan lehenbailehen trebatzea, gailuak erabiltzen jakiteak ez baitu bermatzen konpetente digital izatea.

Hori horrela, “Segurtasuna” Konpetentzia digitalaren DIGCOMP ereduaren dimentsio garrantzitsua bilakatzen da eta bere barne hartzen ditu babes pertsonala, datuen babesa, identitate digitalaren babesa, segurtasun-neurriak eta erabilera jasangarria eta segurua. Horiek guztiak lau azpi konpetentzietan banatzen dira:

Gailuen babesa

Gailuak babesteko oinarrizko urratsak ematen jakin behar da: birusen kontrako softwarea instalatzen eta ekipo edo zerbitzuetarako sartzeko pasahitz egokiak definitzen (gutxienez zortzi karaktere izan behar ditu eta letra xeheak, larriak, karaktere bereziak eta zenbakiak nahasi behar dira) eta sarritan aldatzen.

Datu pertsonalen eta pribatutasunaren babesa

Norberaren arrasto digitala besteek ikus dezaketenez eta identitatea lapurtzeko arriskua ere badagoenez, datu pertsonalak nola gorde eta erabiltzen diren jakin behar da eta, horretaz gain, online zerbitzuek pribatutasuna konfiguratzeko dituzten aukerak moldatzen eta egokitzen ikasi behar da.
Garrantzitsua eta erraza da, hasteko, gure sistema eragilea eta nabigatzailea eguneratuta izatea. Normalean, ordenagailuak ematen du eguneraketen berri, eta soilik instalazioa baieztatu behar du erabiltzaileak.

Osasuna eta ongi-izatearen babesa

Teknologiaren erabilerari lotutako osasun-arriskuak saihesteko neurriak sartzen dira hemen, ongizate fisiko eta psikologikoa mehatxatzeari erreparatuta.
Teknologien erabilerarekin lotutako osasun-arriskuak ezagutu behar ditu ikasleak (alderdi ergonomikoak eta teknologiekiko adikzioak) eta neurriak hartzen irakatsi behar zaio. Horretaz gain, jazarpen zibernetikotik babesteko bideak ere ikasi beharko ditu. Gai horri dagokionez interesgarria da Iratxe Esnaolak “Enpatia teknologien erabilera arduratsuan” artikuluan adierazten duena.

Ingurunearen babesa

Gailu elektronikoek ingurumenean izan dezaketen eragina ulertu behar du ikasleak, eta birziklatze kontzientzia ere behar du.
Derrigorrezko Hezkuntzan zehar, arlo guztietan horrelako lanketak burutuz eta ikaslea protagonista bihurtuz,
irakatsiko diegu gure gazteei Interneten modu seguruan aritzen. Arriskuak ezagutu behar dituzte eta sor daitezkeen
egoerak eta hauei nola aurre egin. Horrela bakarrik lortuko dugu herritar digital arduratsuak izatea eta sarean
segurtasunez aritzea.

Aurreko bidalketa

Azken joera biraletatik etekina ateratzen

Hurrengo bidalketa

Software librez jositako androideak

Egilea

Josune Gereka

Josune Gereka

@JGereka
Informatikan lizentziatua naiz eta 25 urtetik gora daramatzat Ikastolen Elkartean Informazio eta komunikazio teknologien alorreko ardura anitzetan. Egun, ikas-irakaskuntzaren hobekuntzan digitalizazioak egin dezakeen ekarpena interesatzen zait eta horren diseinu eta inplementazioan dihardut nire egunerokoan.

Iruzkinik ez

Utzi erantzun bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude