Snapchat aplikazioak mezuak bidaltzeko balio du Whatsapp eta Telegram-en antzera, baina atzetik dakarren kontzeptua ez da bera. Besteetara ohitua bazaude, hasieran ez ulertzea gerta dakizuke. Hori gertatzen bazaizu, agian zahartzen ari zarelako izango da, izan ere Snapchat-en erabiltzaileen %50ak 25 urte baina gutxiago ditu.

Interfazearen berrikuntza alde batera uzten badugu, Snapchat-en berezitasun nagusiena bidaltzen diren mezuak automatikoki desagertu egiten direla da. Beste norbaiti mezua bidali eta honek irakurtzen duenean mezu hori ezabatu egiten da.

Snapchat

Gaur egun ezagutzen ditugun aplikazio eta sare sozial gehienen helburu nagusienetako bat gure informazioaren bilketa denean, Snapchat-ek buelta eman dio horri eta ez du mezurik gordetzen. Hau deigarria da, beste guztiek gordetzen duten informazio horrekin negozioa egiten dutela eta enpresentzat oso baliotsuak diren datuak ateratzen dituztela jakinda.

Gainera, guk ere badaukagu gure informazio digital guztia gordetzeko sena, argazkiak, bideoak… Dena eskura eduki nahi dugu eta oso baliotsua da guretzat. Baina belaunaldi berriak beste ideia batekin datoz eta bidaltzen den horri ez diote garrantzirik ematen. Mezularitza aplikazio eta sistema hauetan sortzen dena, portzentaje handi batean, zabor digitala da, berriro irakurriko ez ditugun mezuak, ikusiko ez ditugun argazkiak eta egunen batean galdu nahiko dugun zaborra.

“Nostalgiko digitalak” alde batera utzi eta “Carpe Diem digitala” aurrera doa, sortzen ditugun edukiei daukaten garrantzia emanez, mundu errealean haizeak eramaten dituen hitzak bezalaxe, dena ez da erregistratuta geratu beharko. 150 miloi erabiltzaile dituela jakinda, kontzeptu aldaketa egin bai, baina datuak gordetzen ez baditu, nondik ateratzen du dirua doako aplikazio honek? Ba orain arte in-app erosketekin ateratakoarekin eta inbertitzaileek jartzen dutenetik bizi da. Hori bai, laster modelo aldaketa egongo dela aipatu dute eta iragarkiak jarriko dituztela esan dute.

Izan ere, behin bakarrik irakurri daitezkeen mezuekin hasi den aplikazio hau berri eta bideo laburrak zabaltzeko plataforma garrantzitsua bihurtzen ari da eta mugitzen duen audientzia oraindik oso espezifikoa den arren, dakarren kontzeptu aldaketak zer esan handia emango du.

Snapchat