Badira zenbait urte selfiak ateratzea modan dagoela. Nork bere buruari argazkiak ateratzeko zenbait gailu ere moda honi gehitu dira eta oso ezagunak bilakatu diren selfie makilak ere guregana iritsi ziren. Hainbesterainokoa da selfie sukarra gaur egun jende asko ikusi dezakegula “makilatxo” batekin kaletik argazkiak ateratzen edo hori baina gehiago, kirola egiten ari direla makilarekin dabiltzanak ere topatu ditzakegu.

Baina oraindik selfiak beste maila batetara eraman ditzakegu, orain ez da nahikoa zure selfiak atera eta zure sare sozialetan elkarbanatzearekin, orain selfie hauek “tuneatu” egin  daitezke. Zure aurpegia tximu batena, beste pertsona batenarekin aldatu dezakezu zure argazki horri beste puntu bat emanez. Horretarako MSQRD aplikazioa kaleratu da eta atera zenetik sekulako arrakasta izaten ari da, astez aste aplikazio deskargatuenetako listaren goiko postuetan dago eta 10 miloi deskargako kopurua gainditu du aplikazio denda garrantzitsuenetan (APP Store eta Google Play atarietan). Egia esan, aplikazioa oso dibertigarria da eta lagun artean oraindik gehiago.

Zure aurpegia animalia batena bihurtzearen arrakasta Facebook-en belarrietara azkar iritsi zen eta arrakasta handia izaten duten aplikazioekin gertatzen den bezala (Whatsapp edo Instagram-ekin ikusi genuen), MSQRD ere Facebook-ek erosi berri du. Laster sare sozial famatuan honen eragina ikusi ahalko dugu eta MSQRD aplikazioa 1,6 bilioi pertsonetara iritsiko da.

msqrd1msqrd2

Zer dago MSQRD-en atzean?

APP honen funtzionamendua oso erraza bada ere, aplikazioaren atzean 6 urteko lana dago. Sortzaileek aurpegiak jarraitzeko algoritmoa garatu dute eta horren gainean 3 dimentsioetako modeloekin aritzeko teknologia sortu dute. Proiektu honetan aurpegien atzematea, 3D  interakzioa eta erabiltzaileen irudia batu dira.Argi dago hiru osagai hauekin Facebook-en interesa piztu zela. Badira urteak Facebook aurpegiak identifikatzeko teknologiarekin lanean ari dela. Argazkiak etiketatzeko sisteman ikusi izan dugu sare sozialean bertan.

Facebook-ek ez du aplikazio honekin egingo duena esan, baina oinarrizko funtzionalitatea oraingoa izango dela pentsatu dezakegun arren, aplikazioak duen aurpegi detekzio sistema beste zerbaiterako erabili dezakeenaren susmoa hortxe dugu.

Etorkizunean aurpegien atzemateak pisu handia izango du, sektoreko enpresa handiak gai hau lantzeko duten interesa ikusita, aurreikustea ez  baita zaila. Horretarako behar diren lagin guztiak modu dibertigarri batean erabiltzaileek bidaltzen badizkiete lan handia egina izango dute… Beraz, etorkizuna iritsi bitartean, “selfie!”.

Aplikazioa probatu nahi duenarentzat, hemen daude estekak:

Android

iPhone

msqrd3msqrd4

Argazkiak | MSQRD