Nireek 0,386 dolar, Financial Timesen datuen balioa ezagutzeko kalkulagailu digitalaren arabera. Milako lotetan saltzen direnez gero, nire eta ni bezalako beste 999 lagunen datuak 386 dolarrean salduko lirateke, kanbioan 341 euroan.
Datuak garestiago salduko lirateke:
- Aberatsa banintz
- Haurdun banengo
- Argaldu nahiko banu
- Gaixotasun kronikoren bat banu
- …
Niri bost, nik ez bainuke xentimo bakar bat bera ere ikusiko. Aspaldi oparitu nituen horiek guztiak, baita nire irudia ere. Are gehiago, sarri-sarri oparitzen ditut: app bat instalatzen dudan aldiro, zerbitzu batean izena ematen dudan aldiro edo kontratuak sinatzen ditudan aldiro. Izan ere, guztia doakoa izatea espero dugun honetan ezer ez da doan. Zerbitzu bat doakoa denean produktua gu geu gara!
Cookieak ez dira txokolatezkoak
Cookien bitartez zer irakurtzen dugun, zer erosten dugun, non erosten dugun gordetzen da eta informazio hori baliatzen dute publizitate-plataformek gero eta audientzia segmentatuagoa eskaintzeko iragarleei. Baita, bilatu dugun produktu zehatz hori eskaintzeko remarketing kanpainen bitartez. Horrez gain, Facebookek esate baterako, aukera ematen die iragarleei webgune zehatz bat bisitatu dutenen datu-basea osatu eta erabiltzaile hauei zuzentzeko iragarkiak. Ez Googlek, ez Twitterrek ez Facebookek ez du eskaintzen, ordea, euskarazko erabiltzaileak segmentatzeko aukerarik ematen. Euskararena ez baita nahikoa merkatu handia.
Eta, datuak salduko banitu?
Egin diren ikerketak bat datoz gure datuak saltzeko prest gaudela baieztatzerako orduan. Aldea dago salgai jarriko bagenitu jarriko genieken prezioan, edozein kasutan, merkatu prezioaren gainetik salduko genituzke; kasu guztietan ere, hala ere, oso merke.
Trend Micro antibirus enpresa japoniarrak egindako ikerketak Estatu Batuarrek datu pertsonalei ematen dieten balioa jaso du. Hauek, datu motaren arabera jartzen dute prezioa. Generoari, emakume edo gizon diren esateari, ematen diote balio txikiena, 2,9 dolar eta pasahitzak emateari altuena, 75,8 dolar.
Orange enpresak egindako ikerketan pasahitzak ez dira salgai jartzen, baina deigarria da antzeko prezioan, 17 euroren bueltan, salduko genituzkeela gure orientazio sexuala eta gure kokapena (GPS bidez). Ez da balioan jartzen datu horiek partekatzeak sortu ditzaketen arrisku egoerak. 200 euroren bueltan salduko genuke datu guztien multzoa.
Datuak saldu eta erosten direla ez dago zalantzarik. Eta, merke saltzeko prest gauden arren produktua gu geu garen honetan, irabazteko gutxi dugula ere ez dago zalantzarik.