Aurreko ekarpenean zenbakikuntza-sistema bitarra aurkeztu nuen. Oinarri hori ezagututa konputagailuen memoriarekin agian inoiz arreta deitu dizuen gauza pare bat azaldu nahiko nituzke.

Hasteko konputagailuen memoriaz ari garenean sor daitekeen oker bat argitu nahiko nuke. Memoria eta disko gogorra desberdindu behar dira. Horretarako euskarazko Wikipediara joko dugu eta bertan bi hitzak bilatuko ditugu. Memoria jartzean argipenera joko du, bestela gizakion memoriaren definizioarekin topo egingo genuke eta horren barruan ere hainbat aukera. Hor beraz, informatikarekin zerikusia duena aukeratuz gero, aurkitzen duguna zera da: konputagailu baten barruan datuak aldi baterako gordetzeko balio duen gailu edo bitartekoa dela. Ohartuko zineten bezala, aldi baterako azpimarratu egin dut. Izan ere konputagailuaren memoria gizakion iraupen laburreko oroimenarekin (Wikipedian ez dago sarrera hau euskaraz, beraz hemen estekak ingelesez eta gazteleraz) pareka genezake. Gizakiok bezala konputagailuek ere memoria hori tarte labur batez behar dituzten gauzak gordetzeko erabiltzen dute. Exekutatu behar duen programaren kode zatiak eta unean erabili behar dituen datuak bertan gordetzen dira, baina konputagailua itzaltzean hor gordeta dagoen informazio guztia desagertzen da. Noski, gure lanak ez ditugu memoria horretan nahi, ez baitugu nahi konputagailua itzaltzean informazio hori galtzea. Horregatik gure lan guztiak disko gogorrean gordetzen ditugu. Hau bai, gizakiaren iraupen luzeko oroimenarekin (ingelesez eta gazteleraz) pareka genezake, benetan ikasi dugun hori eta denbora asko pasata ere ongi bilatuz gero bertan aurkituko dugun oroimen hori.

Tamaina

Tira ba, parentesi luze honen ondoren, memoriari buruz eta bere tamainari buruz arituko naiz orain. Esan bezala, konputagailuak aldiro behar du memorian dagoen informazioa; programak eta datuak. Horregatik garrantzitsua da hartu-eman horiek azkarrak izatea. Horregatik ere, memoriatik behar diren datuak topatzeko modu azkarra behar da. Aurrekoan esan genuen bezala, konputagailuak 0koak eta 1ekoak baino ez ditu ulertzen eta gordetzen, bitak. Beraz, memoria bit mordo bat gordetzeko tresna besterik ez da. Bit horiek 8 biteko multzoetan banatzen dira, bytetan. Memorian modu errazean bilatu ahal izateko memoria-helbideak erabiltzen ditu konputagailuak. Memoria-helbide horiek berriz ere, bit segidak baino ez dira. Byte bakoitzerako helbide bat behar izanez gero, bit batekin 2 byte helbideratzeko aukera izango luke konputagailuak, 0. bytea eta 1. bytea (hau da informatikariok 0tik kontatzen hasteko dugun joeraren arrazoia). Helbideak 2 bit erabiliko balitu, orduan 4 byteko memoria helbideratzeko aukera legoke.

Nik ezagutu nuen lehen konputagailuak, Intel 80286ak (ingelesez), 24 bit erabiltzen zituen memoria helbideratzeko, hau da, 16 MBeko memoria helbideratzeko aukera. Beste era batera esanda 16 * 1024 * 1024 byte. Gaur egungo nire konputagailuak ordea, 8 GBeko memoria du, hau da, 8 * 1024 * 1024 * 1024 byte, hau da 33 bit behar dituela helbidea adierazteko.

Azpiko irudian ikus daitekeen moduan ordea, sistemaren monitoreak esaten dit 7,7 GB ditudala erabilgarri nire memorian. Zergatik ote?

Bada, memoria tarte bat sistemarentzako erreserbatzen delako. Beraz, memoriaren tamaina beti 2ren berredura bat izango da, baina guk beti balio txikiago bat izango dugu eskura.

Hurrengo ekarpen batean, disko gogorrari buruz eta kanpoko biltegiratzeen edukiera edo tamainari buruz hitz egingo dugu.

Aurreko bidalketa

Android, Turroitik Oreo-ra

Hurrengo bidalketa

IBM enpresak 330 TB-ko metatze-unitatea sortu du

Egilea

Edurne Larraza

Edurne Larraza

@elur_larraza
Informatika irakaslea naiz, baina lan hori unibertsitatean egiten dudanez, ikerketari ere denbora eskaini behar diot. Eta zein eremu hobeagorik, irakaskuntza bera baino?

Tesia 2014an amaitu nuen konputagailuen arkitektura eremuan, sarrera/irteera azpisistema ikasleek nola ulertzen duten aztertuz. Orain behera egin dut jauzi eta lehen eta bigarren hezkuntzan informatikaren irakaskuntzak izan dezakeen eragina aztertu nahi dut

Iruzkinik ez

Utzi erantzun bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude