Zuzeneko streaming bideoena gero eta gehiago ikusten den joera bat da eta ziurrenik luzerako geratuko dena. Ingelesezko streaming hitzak “transmisioan” esan nahi du. Hain zuzen, bideoa gure gailura deskargatzen den bitartean ikusteko aukerari deritzo. Adibidez, gure mugikorrean Youtubeko bideoak ikusten ditugunean, streaming bidez ikusten ari gara, bideo guztia deskargatu behar izan gabe hau ikusteko aukera dugulako. Bideo hauek jaso ahal izateko, buffer izeneko biltegi bat sortzen da eta biltegia betetzen ari den bitartean ikusteko aukera ematen digu.
Smartphone bat nahikoa da gure begi bistan gertatzen ari dena zuzenean partekatu eta gure jarraitzaileek segituan bideoa eskura izateko. Alegia, gaur egun ez dugu dena grabatu arte itxaron beharrik, bideoa ikusgai egoteko.
Zuzenekoak egiteko 4 tresna
Periscope (Twitterrekin lotuta)
Twitterrena den aplikazio honek eman die bultzadarik handiena mota honetako edukiei. Lehenik eta behin, oso modu intuitiboan gure mugikorraren bitartez grabatzen ari garena emititzen uzten digulako. Bestalde, Twitterreko jarraitzaileei txioa helarazten die, egiten ari garen grabaketaren berri emanez.
Facebook Live, Youtube Connect eta Instagram Stories
Periscope aitzindaria eta gero, beste sare sozial nagusienak ere euren komunitateari aukera hau eskaintzeko lanean jarri ziren. Gaur egun Facebook, Youtube eta Instagramek, besteak beste, badute zuzenekoak egiteko aukera.
Facebookek, adibidez, Facebook Live aukera du. Abantaila nagusiena, gure komunitateko lagunek edo jarraitzaileek gure bideoak ikusten ari diren bitartean iruzkin eta atsegiteak adierazteko aukera dutela da. Youtube plataforman komunitate handia dago, bideoak grabatu eta editatu ostean, sarera igotzen dituztenak. Zuzenekoak martxan jarri zirenetik, geroz eta erabiltzaile gehiagok erabiltzen dute eta, behin zuzenekoa bukatuta, gure kanalean automatikoki gordetzen dela izan daiteke abantaila nagusia. Azkenik, Instagram sare soziala dugu hizpide, 2016ko udaratik aurrera Instagram Stories atera duena. Honi esker, zuzenekoak egiteko aukera eskaini da, bertako jarraitzaile guztiei zuzenekoaz abisua helaraziz eta emisioa eta gero bideoa mugikorrean gordetzeko aukera emanez.
Streaming-aren erronka nagusia
Zuzenekoek ikusleak izaten dituzte bai, eta egia da ere hauek erakartzeko teknikek emaitzak eman dituztela. Baina erronka bat badute, ikuslea mantentzea. Segur aski 2017. urte honetan ikusiko ditugu hainbat aldaketa dagoeneko existitzen diren tresnetan, eta seguru tresna berriak ere ezagutu ahal izango ditugula.