Martxoaren hasierarekin batera, 2017ko Mobile World Congress –#MWC17– azokak bere ateak itxi zituen arrakasta itzelaz: 208 estatuetatik etorririko 2.300 enpresek hartu zuten parte erakusketan, 108.000 bisitari baino gehiago hurbildu ziren eta 3.500 kazetarik aste horretan Bartzelonan gertatzen zen guztiaren berri eman zioten munduari. Eta munduak Bartzelonari begira igaro zuen aste hura.
Baina zergatik sortzen du mugikorren azokak munduko beste azokek baino zalaparta gehiago?
Batetik, haririk gabeko teknologiek gure gizartean eta gure eguneroko bizitzan duten garrantzian handituz doalako, Internet of Things edo Smart City bezalako garapenak errealitate bihurtzen ari dira gaur egun, eta gure mundua gero eta konektatuago dago. Bartzelonan aurkezturiko berrikuntzen artean, besteak beste, haririk gabeko komunikazio teknologien bosgarren belaunaldia –5G teknologia–, kotxe-konektatua, errealitate birtuala, aplikazio berritzaileak eta 3D inprimagailuak aurki genitzake.
Bestetik, telefono adimentsuen –Smartphonen– azkeneko berrikuntzak bertan estreinatzen direlako. Mugikorren marka esanguratsuenek, urtero, beren produktu preziatuena bertan aurkezten dutelako, guztiek azoka berdinean, haien arteko lehia agerian utziz. Aurten aurkezturiko mugikorren ezaugarriak laburbildu beharko bagenitu, esango genuke 8 prozesadoredun, RAMeko 4GB eta 3000mAh edo gehiagoko bateriadun gailuak aurkeztu dituztela.
MWC17-k argi uzten digu zein abiaduraz eraldatzen ari diren mugikortasunaren teknologiak.
Mugikorrak eta Mooreren legea.
1969an Gordon E. Moorek, garai hartan Fairchild Semiconductor enpresako laborategien zuendari, urtero zirkuitu integratu baten transistore kopurua bikoiztuko zela aurreikusi zuen. Geroxeago, 1975 bere iragarpena zuzendu zuen, transistoreen bikoizketa bi urtean behin gertatuko zela iragarriz. Orduaz geroztik, Mooren legea –Moore’s law– transistore eta mikroprozesadoreetarako erabiltzen da, nahiz eta garai hartan mikroprozesadoreak ez ziren existitzen.
Mooren legearen ondorio zuzena da, ordenagailu baten prezioa erdira jaitsiko dela lehenengo urtean eta zaharkituta geratuko dela bi urteren barruan. Eta hala gertatzen ari da gaur egun Telefono adimentsuekin.
Deigarria da munduan 7,5bilio pertsona bizi dela, eta 2.016 urtean, ia 1.5bilio telefono adimentsu saldu zirela, zehazki, 1,495,358,000 Smartphone –Gartnerren Inc.-en otsaileko txostenaren arabera–.
Mooren legearen bigarren ondorioa
Gaur egun, gero eta gailu elektroniko gehiago erabiltzen ditugu –Telefono adimentsuak, tabletak, smartwatchak,…– eta gure gailu elektroniko guztiak bi urteren barruan zaharkitzeak, mugikorrak bereziki, etengabe gailu berriak ekoiztera eta zaharrak botatzera behartzen gaitu, bi ondorio gatzekin.
Lehenik, mundu mailan sortzen den gailu-elektroniko eskaera asetzeko, lehengaiak lortzea giltzarri suertatzen dela, lehengaien ekoizle diren herrialdeetan eragina zuzena izanik, Kongoren kasua oso adierazgarria delarik.
Bigarrenik, zabor-elektronikoa kudeatzera behartzen gaitu. WWK erakundeak, 2015ean, munduan 50 milioi tona zabor-elektroniko sortzen zela salatu zuen eta beste hainbat erakundek, 2017rako, 72 milioi tonatako zabor-elektronikoa aurreikusten dute.
Horregatik, teknologia aurrera doan heinean, eta bereziki guk, teknologia zaleok, gailu guzti hauen ingurumen-eragina ezagutzea eta arduratsu jokatzearen garrantzia barneratu behar dugu, gure gailu elektronikoak era jasangarri eta adeitsuan birziklatuz.
Zaharkitu, zaharkituko direlako, eta epe labur batean, uste baino laburragoan, aldatuko ditugulako.