Japoni askotan begiratzen diot teknologia eta robotikarekin duten harremana dela-eta. Nahiz eta Bilboko Xing Yuan jatetxean badugun iada mahaiak zerbitzen dituen robota (kasu honetan txinatarra) oraindik ez gaude batere gertu datozen berrikuntzetik.
Oraingoan Hatsune Miku ezagutu dut lagun on bati esker, eta Urtarrilaren 28an Bartzelonan egongo da kontzertua ematen. Nor da Hatsune?
Hatsune Miku holograma bat da. Antzinako gauza ezta? Billie Holliday ikusi dugu horrela, baita Maria Callas edo Tupac raperoa (Snoop Dogg-ekin kantatu zuen Coachella-n). Mugimendua duen argazki multidimentzional honi esker, zuzeneko musikaren industrian pauso bat aurrera egin da eta zerotik diseinatutako artista bat sortu dute, alegia, neurrira egindakoa.
Hau gutxi balitz, bere software-ak (Vocaloid) Creative Commons lizentziapean egiten du lan, eta horri esker, bere jarraitzaileek kanten sormen prozesuan parte har dezakete, 100.000 kanta baino gehiago izanez iada. Esan dezakegu, honek, obra kolaboratibo batean bihurtzen duela Hatsune. Edonork sor dezake kanta bat eta Hatsuneren ahotan jarri.
Egia da Inteligentzia Artifizialak musikaren kasuan ere eragina izango dituela, eta gizakiaren sormenean pausu desberdin batzuk eman ahalko dituela, entzumenaz gain ikusmena edo usaimena gehituz. Eszenatoki gainean, hori bai, Hatsune oraindik hezur-haragizko gizaki musikariz lagundua dago.
J-pop estiloaren barruan koloka dezakegu izar hau eta 2014ean Lady Gaga-ren hasierako gonbidatu gisa ibili zen. Ai ama!! 2014ean Euskal Herrian Las Tea Party Djs geneuzkan, (zeinak hologramekin saiatu ziren eta baita porrot egin), eta gaur egun Zetak daukagu etorkizunetik (Londresetik) etorritako artista berritzaileena bezela…
Agian ondo gabiltza gauzak poliki eginez, ondorioetan pentsatzen eta teknologiaren aplikazio zoroen irakurketa kritikoago bat eginez.
Batzuk, gaur egungo etengabeko aurrerakuntzen mugak non dauden ikusten saiatzen gara. Ilustraziotik irakatsi baitigute zientzia eta teknologiak mugarik gabeko aurrerapena sortuko zutela. Ekologiak erakutsi digu ostera, muga horiek existitzen direla eta, beraz, ideia hori krisian dagoela.