“Twitterren kontu alternatibo eta salaketa matxista, faxista, arrazista eta horrelakoak salatzen dituzten kontuen zentsura hasiberri eta lotsagabearen, eta urtarrilaren 1ean indarrean sartuko diren arau berrien aurrean, nik eta beste askok #NiMastodoneranoa dakartzagu”*

Horrelako hainbat mezu zabaldu ziren twitter sare sozialean aurreko abenduan, hau @T3rrOrRojo1917 ezker aktibistaren mezua izan zen. Aldian aldian, sare sozial pribatuetan horrelako boladak izaten dira. Dela twitterren papera Boliviako golpean, Google-en “Dragonfly” bilatzaile zentsuratua Txinarako (bertan behera gelditu zena), zein Berriaren torturaren inguruko artikulua facebooken, edo euren erabilera baldintzak aplikazio ideologiko susmagarria (zorrotzak erabiltzaile alternatiboekin, ez hainbeste kutsu totalitarista duten beste batzuekin) ,“goazen hemendik” olatuak izaten dira sare sozial pribatu hauetan. Mastodonera arestian gertatutako migrazio hau ez da gertatzen den lehenengo aldia, azkena 2018ko urrian antzeko arrazoiak direla gertatu zen. Baina, etorkizunik izango du?

Mastodon, 2016an sortua, libre eta kudeaketa zentralizaturik gabekoa da, kode irekikoa eta ez da publizitate zein gure datoekaz finantziatzen twitterren gertatzen den bezala. Click To Tweet
Mastodon, 2016an sortua, libre eta kudeaketa zentralizaturik gabekoa da, kode irekikoa eta ez da publizitate zein gure datoekaz finantziatzen twitterren gertatzen den bezala.Mezuek 500 karakteretako muga dute eta instantzia bakoitzak bere arauak ezartzeko aukera dauka.

Instantziak
Mastodon zentralizaturik gabeko sarea dela esaten dugunean, zera esan nahi dugu, ez dagoela mastodon oso osorik zerbitzari baten. Edonork zerbitzari berri bat prestatu eta mastodon sarera gehitu dezake. Twitterren foro bakarra dago, denok izena leku berdinean ematen dugu eta twitterrek berak erabakitzen du erabilera baldintzak zeintzuk diren, zelan aplikatzen diren, zer den jarrera egoki bat eta zein ez, emotikonoak zeintzuk diren…
Jøta Seth erabiltzailearen hitzetan, mastodon eraikin bat da non etxebizitza desberdinak dauden. Etxebizitza bakoitzak, instantziak deritze, bere erabilera arauak erabakitzen ditu, eta atarira irten daiteke beste etxebizitzetako auzokoekin berba egiteko, informazioa partekatzeko, beste instantzia batzuetako erabiltzaileak jarraitu edo eurekin komunikatu… Momentu baten etxebizitza horretako biztanleek ez badute erabiltzen, joan egiten badira, etxebizitza hori itxi egingo da, baina etxebizitza hori bakarrik.
Beraz, arauak daude bai, baina ez inpostatutakoak. Instantzia jakin baten arauak ez badituzu gustuko, larregi estuak edo zabalak direlako, beste instantzia bat topa dezakezu egokiagoak deritzozun arauekin. Edo zeuk berri bat sortu.

Izena ematen dugunean, guk erabakitzen dugu zein instantzian eman. Zeintzuk dira erabilera arauak? Zeintzuk jorratzen diren gaiak? Zeintzuk erabiltzaileak? Hainbeste daude, adibidez euskaraz ari diren komunitate nagusiak mastodon.eus eta mastodon.jalgi.eus dira, hasteko leku onak.

Denbora lerroak
Hasierako arazoetako bat denbora lerroak ulertzea da. Izena eman eta hiru denbora lerro agertzen dira: Hasiera, denbora lerro lokala eta federatutako denbora lerroa.

Lehenengoa, twitterren moduko lerro bat da, jarraitzen dituzun kontuen denbora lerroa. Denbora lerro lokala, izena eman duzun instantziaren erabiltzaileen lerroa, hau da, mastodon.eus aukeratu baduzu, mastodon.eus instantziako erabiltzaile denen mezuak.
Eta azkena eta konplexuena federatutako denbora lerroa, non zure instantziako erabiltzaileek jarraitzen dituzten kontu denen mezuak agertuko dira, zeure instantziakoak izan edo ez. Adibidez, @argia@mastodon.eus Argia aldizkariaren erabiltzaileak, nire @xa2@mastodon.social kontua jarraitzen duenez, mastodon.eus instantziako denbora lerro federatuan, xa2 horren mezuak ere agertuko dira, naiz eta mastodon.eus-en ez egon.

Berezitasun gehiago daude, noski. Pribatutasuna bereziki zaintzen da, ez da erabiltzaileen datuen erabilerarik zein salmentarik egiten, instantzia bakoitzak zeintzuk emotikono erabili erabakitzen du….
Gehiago jakin nahi baduzue, 2018ko olatu horretan sortu zen mastodon.eus-eko kide batzuek gida bat jarri zuten sarean eskuragarri.

Arazoa zera da…. Ohitura animaliak garela eta aldaketak…..
Esan bezala, ez da lehenengo aldia horrelako migrazio bat sustatzen dela. Askeagoak, pribatuagoak, garbiagoak, eraginkorragoak, …. diren sareetara pasatzeko. Diaspora, mastodon, peertube…

Baina mugimenduak izan diren arren, denborarekin, gehienak ohiko twitter, facebook, youtube eta horrelakoetara bueltatzen gara.
Erosotasunaren izenean kateak maite ote ditugu?
Edo mezu kritikoak irits eta zabal daitezen, jendea dagoen lekuan egon behar garela da?
Oraingoz behintzat, nik beste aukera bat eman diot. Hurrengoa nire jatorrizko @xa2@mastodon.social kontuttik @xa2@mastodon.eus-era pasatzea izango da….. Aho txikiz: twitterren jarraitzen dudan bitartean.

 

 

* Ante la censura indiscriminada, incipiente y descarada de Twitter contra las cuentas discordantes y que denuncian ataques machistas, fascistas, racistas, etc., y las nuevas reglas que entran en vigor a partir del 1 de enero, yo y otros muchos nos planteamos el #YoMigroAMastodon @T3rrOrRojo1917 -k idatzita, ez dago Twitterren eskuragarri.