Aro digitaleko iraultzaz hitz egiterakoan, ordenagailu eta telefono-adimentsuak izan ohi ditugu gogoan, baina telebistak ere bilakaera itzela izan du. Nire haurtzaroan –eta ez dugu zertan zehaztu behar orain dela zenbat urte–, bazkaldu ostean, ematen zuten marrazki bizidunen saioa bukatutakoan, jaisten ginen ume guztiak kalera, garai hartan, telebisten edukietara moldatu behar baikenuen gure gustuko saioak ikusi ahal izateko. Eta telebista, noski, analogikoa zen, PAL sisteman oinarriturikoa.

Hain zuzen ere, irudiaren kalitatean aurkitzen dugu etxetresna elektroniko horren lehenengo berrikuntza teknologikoa. Telebistaren seinalea digitalizatu zirenetik, telebista-irudien bereizmena hobetuz joan da, azkeneko saltoa Full HD edo Bereizmen handiko telebistatik 4K teknologiara pasatzeko izan delarik, pixel kopurua bikoiztuz;  4K bereizmeneko irudiek 3.840×2.160pixeleko bereizmena eskaintzen dute, edo bestela adierazita, fotograma edo irudi bakoitzak 8,3Megapixeletakoa da.

bereizmena

Baina gaur egungo bizimoduak eraldaketa gehiago bultzatu ditu ikus-entzunezkoen kontsumoan. Edukien eskaintza amaiezina da eta ezin dugu gure bizitza telebistaren ordutegietara egokitu, hortaz, nahi dugun programa, nahi dugun gailuan eta nahi dugun ordutegian ikusteko aukera izatea beharrezkoa bilakatu da.

Ikus-entzunezkoak ez dira soilik telebistetan ikusten

Gaur egun, gailu asko ditugu gure inguruan eduki hauek kontsumitzeko –Tabletak, mugikor-adimentsuak, ordenagailuaren pantaila, …– OTT aplikazioei esker, internet bitartez edozein motatako gailuetara bidali dezakegu ikusi nahi dugun edukia, irudiak pantailaren tamainara egokituz.

Ordutegiak desagertu dira

Horrenbeste bizimodu eta ordutegi ezberdin batzen dituen gizartean, “primetime” hitzak bere zentzua galtzen du. Soilik azkeneko urtean, zuzeneko-emanaldiak ez diren ikus-entzunezkoak ikusi dituzten pertsona kopurua bikoiztu da eta zuzenekoak ez diren edukiak ikusten pasatzen dugun denbora hirukoiztu egin da. Urte batzuk atzerago joko bagenu, grabaturiko edukiak ikusten dituzten pertsona kopurua zortzi aldiz biderkatu dela eta eduki horiek guztiak ikusten pasatzen dugun denbora hogei aldiz biderkatu dela aurkituko genuke. Gaur egun, eguerdiko telesaila gabez, etxera heltzerakoan, ikustea, guztiz normala bilakatu baita.

Telebista ez da soilik telebista

Era berean, telebista ez da soilik telebista ikusteko, hortaz, Android TV bezalako sistema-eragilei esker, gure telebista-adimenduan (smart TV) edo deskodetzaile-adimenduan (Smart STB) aplikazioak instalatu eta erabili ditzakegu, jolasteko edo sare sozialetan sartzeko, gure telefono eta tabletetan egin ohi dugun lez. Era berean, gure mugikor edo ordenagailuetako edukiak telebistan ikusi ditzakegu, bereizmen handiagoz gozatzeko edota ingurukoekin partekatzeko.

Esan genezake, beraz, Interaktibitatearen garaian bizi bagara ere, ikus-entzunezkoak era pasiboan kontsumitzen jarraitzen dugula, agian, inoiz baino gehiago, hori bai, edukiak aukeratuz eta edukietan zuzenean eraginez.