Aurreko artikulu batean aipatu nuen zaharra sentitzen nintzela. Baina konturatu naiz ez naizela bakarra. Zaharrunoa sentitzen naiz (bide batez hitz hau Josu Waliñori Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean entzun nuen), baina hau ez da txarra. Baina aldi berean kalitatea zer den garbi dut. Horregatik nire artikulu honetan 2 hitz batuko ditut: Zaharrunoa izatea eta kalitatea gustuko izatea.

Ekuazio zaila, baina emaitza bakarrekoa. Joko zaharrak gustatzen zaizkit, eta ez naiz bakarra.

Joko zaharrunoak

Bideo-jokoen historian titulu interesgarriak ikusi ditugu. Plataforma bakoitzak bere harribitxiak izan ditu. NES kontsolak Mario iturginaren joko interesgarriak zituen, Segako kontsolek Sonic triku urdinaren abenturak batzen zituzten, Sony etxearen PS1ean Crach Bandicooten zoramenaz gozatu genezakeen. Eta oraindik atzerago begiratu ezkero Atari, Spectrum edo Amiga 64ren katalogoa zoragarria ere badugu.

NES

Milaka eta milaka poligono eta HD kalitatea eskaintzen dizkiguten gaur egungo jokoez haratago, pixel handiez betetako unibertso interesgarri bat dagoela ezin dugu ahaztu. Eta hauez gozatzeko aukera bikaina eskaintzen dute emuladoreek: Kontsola edo ordenagailuetan abiarazi ditzakegun programak eta joko zaharrak gaur egungo gailuetan martxan jartzeko gai direnak.

Betidanik izan dira ezagunak baina gaur modan jarri dira berriro ere.  Gustuko dugu Vintage izatea.

Ofizialak

Emuladoreak pirateriarekin lotu izan dira beti, nahiz eta ofizialki norberak erositako joko originalen kopiekin jokatzeko bakarrik diren. Beti ere legalitatearen barruan, noski. Jakina da ez direla beti horrela erabili.

Hau horrela bideo-jokoen enpresa erraldoiek neurriak hartu dituzte. Baina behingoagatik ez dira erabiltzaileen aurka joan. Ez dituzte epaitegiak beldurra zabaltzeko erabili. Vintage izatea modan dagoenez…. Negozioa egin nahi dute. Eta marketin kanpaina erraldoi bati esker, helburuak uste baina errazago eskuratzen ari dira.

Hartu dezagun adibide ezagun bat: Nintendo etxe japoniarra esaterako.  2016ko Eguberrietan bere kontsola ezagunena, NES, berriro ere salgai jarri zuen 60 euroren truke. Barnean 20 joku zeramatzan instalatuta. Egun gutxitan, mundu guztian agortu zen. Nostalgiak eraginda, duela 30 urte gaztetxoek, denak erosi zituzten.

Eta hau ikusita gauza bera egin du uda honetan ere. 25 urte luze dituen kontsola, gurean Super Nintendo bezala ezagutzen zena eta munduan zehar Super Famicon izena ere izan zuena, salgai jarri baitu. Salgai jarri baino erreserbatzeko aukera eskaini du. Eta berriro ere arrakasta. Irailean salgai jarriko den kontsola, kalera atera aurretik agortua dago, eizn da eskuratu.

Pirateria gainditzen lortu du nostalgiak.

Beraz…

Gauzak horrela ondorio batzuk atera ditzakegu. Zahartzen ari naizela, hori garbi. Bestetik nostalgiak eta Vintagearen modak etekin handiak eskaintzen dituela.

Eta azkenik pirateria ez dela beti saldu izan diguten bezalakoa: Zerbaitek merezi baldin badu (20 edo 30 urte pasa ondoen ere) ordaintzeko prest baikaude. Kalitatearen prezioa onartzeko prest gaude.

Akaso pirateriaz kexu zirenak…. Ez ziren kalitatezko produktuak egiten ari?

Bide batez, zein izan da zuen bideo-jokorik gogokoena?