Informazio eta komunikazioen teknologien aroan bizi garen garai honetan, bizitza errealean bezalaxe, gure ibilera digitalak arrastoa usten duela ulertu eta barneratu behar dugu.

Sarea arakatzen ari garenean, aztarna digital asko erabat jakitun uzten ditugu, esaterako, mezu elektroniko bat bidaltzean, sare sozialen bitartez informazioa partekatzean, erosketak online egiterakoan edota zenbait aplikazio edo webgune erabiltzerakoan. Kasu horietan guztietan informazioa agerian uzten dugu beste erabiltzaileekin hartu-emanak izateko.

Hala ere, mundu digitala zeharkatzen dugun bitartean  beste hainbat arrasto uzten ditugu, nahi gabekoak eta guretzako ikusezinak gehienetan, hala nola “cookiak”, telefono zenbakia, bilatzaileetan gauzaturiko bilaketak, ikusitako ikus-entzunezkoak, erabilera orduak, gure kokapena, e.a.

Informazio gehigarri horri esker metadatuak osatzen dira. Metadatua edukiaren inguruan sortzen den informazio gehigarria da. Adibidez, sare sozialetan argitalpen bat egiten dugunean, argitalpen bera edukia da, berriz, komunikazio horren testuingurua deskribatzen duen informazioak metadatua osatzen du; zein gailu motatatik egin den, ordua, telefono zenbakia, kokapena, …

Metadatuak oso garrantzitsuak eta baliotsuak dira, horiei esker erabilera eta kontsumo ereduak osatu daitezkeelako eta  Big Data teknologiaren bidez, erabiltzaile askoren metadatuez baliatuta, zerbitzuarekiko esperientzia hobetu daitekeelako.

Google maps

Adibide argi bat Google Maps aplikazioan dugu: Google maps aplikazioa gure telefono adimentsuetan erabiltzen dugunean, zerbitzariak gure kokapena , norabidea eta abiadura gordetzen ditu bere zerbitzarietan. Aplikazioaren erabiltzaile guztien datuak Big Dataren bitartez kudeatuta, uneoro trafikoaren egoera zein den jakin dezakegu eta trafiko arazoak ekidin denbora errealean.

Baina erabiltzailearentzako musu-truk eskaintzen den zerbitzu hau, googlelek dirua irabazteko erabiltzen du. Izan ere, enpresa askok googleri ordaintzen baitiote bilaketa algoritmoetan lehenago ateratzeko, haien bezero kopurua handitzeko asmoz. Eta herri edo hiri baten zonalde batean zoom egiterakoan ateratzen zaizkigun lehenengoak izaten dira.

Hala ere, ez dugu zertan uneoro gure kokapena partekatu behar, gure bizitza errealean ez baitugu beti non gauden mundu guztiarekin partekatzen.

Arrastoa

Sarea erabiltzen dugunean, erabiltzen ditugun aplikazioak eta zerbitzuek metadatu asko sortzen dituzten gure erabileran oinarrituta. Datu horiek guztiak beste erabiltzaileen datuekin alderatuz, ondorengo erabiltzaileen portaerak aurreikusteko erabil ditzakete.  Horrelako prozesuei esker, zerbitzari batek inpresora bat erosi orduko tinta ere eskainiko digu, lehenengo artikulua erosten duten gehienek bigarrena ere erosten duelako, ez ,ordea, alderantziz, tinta bilatu baduzu, ez dizu inprimagailurik eskainiko, akaso, orriak inprimatzeko.

Horregatik, erabiltzaile askoren metadatuak erabili ordez, norbanakoen metadatuak soilik aztertuz, gure banakako ohituren eta erabileraren profila sortzeko ere balio dute –zer ikus-entzunezko ikusi dugun, zer erosten dugun, zer jaten dugun, zein kirola egiten dugun, oporrak, lagunak… –,  hortaz, gure pribatutasuna mantentzearren, aplikazio edo webgune baten zerbitzua erabili aurretik, tentuz erabaki behar dugu zein datu partekatu nahi dugun edota zerbitzu bat erabiltzeak pena merezi ote duen, ordainean eskaini behar diogun datuen arabera.