Ba al zenekien dislexia duten pertsonentzat irakurtzeko errazagoa den tipografia librea eskuragarri dagoela?
Nik duela gutxi arte ez nuen ezagutzen, nahiz eta dislexia duen alaba izan eta mundu honetan lan egin… Hori dela eta, tipografia hau NextCloud tresnan ikusi nuenean, pertsona askorentzat interesgarria izango zela otu zitzaidan.
NextClouden erabilerraztasunaren ezarpena
Munduko biztanlegoaren %10ak dislexia duela esaten dute azken estatistikek. Dislexia hizkuntzaren nahastea da. Dislexikoek irakurtzen eta idazten ikasteko zailtasuna dute, baina ez dute adimen, mugimendu edo entzumen urritasunik, ezta bestelako urritasunik ere.
Abelardo González-ek sortu zuen OpenDyslexic 2011. urtean, dislexikoen beharretara egokitzen zen letra tiporik ez zegoela ikustean, hau sortzeko lanean hasi zen, nahiz eta mugikorretarako aplikazio diseinatzailea izan.
Tipografia sortzearen prozesuan, ikerketa handirik ez zegoenez, aipamen guztiak jaso zituen eta elkartzen saiatu zen. Letren arteko espazioa, letra batzuk gehiago ezberdindu… Librea denez, erabiltzaileen ekarpenak jaso eta eguneraketak egiten ditu maiz.
b, p edo d bezalako hizkiak bereiztuz
OpenDyslexic-ekin, begiak letren loditasunera joaten dira, eta modu honetan, irakurleek letra azkarrago identifikatuko dute. Era berean, letra bakoitzaren forma gehiago landu da, bereiztasunari indarra emanez.
Zabal dezagun informazioa hezkuntza eta komunitate ezberdinetan!