Konfinamenduaren faseak atzean uzten goazela, gero eta gehiago dira ateak berriz zabaltzen ari diren negozioak. Eguneroko paseoetan begiratuz gero, terrazak beteta egon ohi dira eta duela aste batzuk hain maiz sentitzen ziren kale ixil eta lasaiek iraganeko gauza dirudite. Ondo bidean hemendik gutxira izango gara normaltasun berrian, gure lagun, familia eta ingurukoekin edonon eta edonola egoteko askatasuna izango dugun amaierako fase horretan.

Badago sektore bat oraindik normaltasunera bueltatu ahal izan ez dena. Kirol guztiak bertan behera gelditu ziren, online jokatu izan diren online xake txapelketak alde batera utzita. Partiduak eteteaz gain, entrenamenduak ere galarazi ziren, segurtasun distantzia mantentzea ezinezkoa izanik. 

Egunkarietako kirol albisteen atala aste batzuetan zehar mehe samar argitaratu ondoren kirol asko berpiztu dira, hasi eta erdizka gelditu ziren lehiaketei irtenbide bat eman nahian. Lehia batzuk bertan behera gelditu dira, une horretan sailkapenean lehena zijoan taldea txapeldun bilakatuz, edo podiuma 2019-2020 edizioan hutsik utziz. Horretarako arrazoiak asko dira: 2 hilabete geldirik egon ostean bat-batean lehiara bueltatzeak dakarren lesio arrisku areagotua, kirolari/langile/zaleen osasuna covid-arengandik babestea, edo, lehia internazionaletan, egoera honetan herrialde ezberdinetara bidaiatzea zaila izatea.

Jokalari asko kezkatuta egon arren, beste lehia batzuek aurrera egin dute dagoeneko, edo horretarako plangintza oso aurreratua daukate. Arrazoi nagusia: telebistak ikuskizun horiek emititzeagatik ordaintzen duen dirutzari uko ez egitea.

Uneko errealitatea ukaezina da, baina. Nahi eta nahi ez, datozen hilabeteetan jokatuko diren partiduak zalerik gabe jokatu beharko dira. Estadio huts batean jokatzea ez da ohiko eskenatokia jendetzaren aurrean jokatzera ohituta dauden kirolarientzako. Etxean jokatzeak abantaila dakar, bultzada psikologikoagatik batez ere, eta zati hori galtzeak eragina dauka. Duela bi aste hasi zen Alemaniako Bundesliga futbol ligan, adibidez, ohikoa baino partida gutxiago irabazi dituzte etxeko taldeek. Lagina txikia da, bai, eta jokatu duten taldeen parekotasun ezaren menpekoa ere bada, baina batzuk kezkatzeko nahikoa da.

Hutsune animiko horri uko ez egiteko soluzio bat teknologiatik proposatu dute, Remote Cheerer du izena. Aplikazioak 8 botoi dauzka, bakoitza soinu bati lotuta: txaloak, txistuak, “Gol” oihua, etab. Horietako botoi bat sakatzean, estadioko bozgorailuetatik entzungo da horri lotutako soinua. 

Gainera, estadioaren zein aldetan entzungo den ere hauta dezakezu, zure taldeko jokalariek edo arerioek entzungo duten aukeratzeko. Gero eta jende gehiagok sakatu botoia, orduan eta ozenago entzungo dute jokalariek. Kirol ezberdinetarako ere balioko du, bakoitzerako egokiak diren soinuak eskainiz. Dena den, kontutan izan, Japonian lehen probak egin dituzten arren, aplikazioa oraindik garapen bidean dagoela.

Argi dago soluzio hau ezin dela hezur-haragizko zaleak aurrez aurre edukitzearekin konparatu baina, azken hilabeteak nola joan diren ikusita, pentsaezinak ziren gauzak ohiko bihurtuz, ez gaitzala harritu horrelako zerbait normaltasun berriaren ordezkari nagusietako bat izatea.

Aurreko bidalketa

PODCAST. Egida proiektua

Hurrengo bidalketa

PODCAST. STARLINK, satelite bidezko abiadura handiko Internet konexioa

Egilea

Manex Garaio Mendizabal

Manex Garaio Mendizabal

@ManexGaraio
Urte batzuk dira Donostian bizi naizela bio hau eguneratu ez dudala baina oraindik ere “patatero" bat naiz , geroztik berriz Gasteiztiartu naiz eta. Ingeniaritza Informatikoaren Gradua ikasi nuen Donostiako Informatika Fakultatean eta orain mugikorren garapena ikasten nabil aspaldi bukatu nuen mugikorren garapeneko masterra.

PuntuEUS Fundazioan arlo teknikoaz arduratzen naiz: bezeroaren arreta teknikoa, datu-base eta webguneen garapena eta tartean egon daitekeen beste edozertan.

Zaletasunak, urtaroak bezala etorri eta joaten dira, baina bi konstante daude, musika eta kirola. Sareanen baina, domeinuetaz hitz egingo dizuet, beste gai batzuk ere txertatzen joango naizen arren.

Iruzkinik ez

Utzi erantzun bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude