Konfinatuta nago eta, egia esan, aisialdirako aniztasun askorik gabe, beraz, gaur domeinu-izenei inguruko artikulua idaztea pentsatu dut, domeinu-izen baten bizitza zikloari buruzkoa, hain zuzen ere. Etxean sartuta egoteak eginarazten dizkigun gauza eroak, 😉

Gizakiok bezala, domeinu-izen batek fase ezberdinak ditu, jaiotzatik hasita ekidinezina den heriotzera arte. Lan-taldean zalantza periodikoak sortzen dituen gai bat da, baita erabiltzaileentzako buruhauste iturri ere batzuetan. Artikulu honetan fase bakoitzaren xehetasunak emango ditut ahalik eta modurik gizatiarrenean baina, kontutan izan, informatikaria naiz, batzuetan zaila egiten zaigu kontzeptuak sinplifikatzea.

Fase guztietan lehena, argi dago, jaiotza da, gure kasuan domeinu-izen baten erregistroa. Momentu honetan domeinu-izena zurea da, berau erregistratzeko tasa ordaindu ostean. Iritziz aldatuko bazenu, bost egun dituzu erregistroa bertan behera utzi eta ordaindutako dirua berreskuratu ahal izateko. Zenbaterako denborarako erregistratuko duzu domeinu-izena? Epe minimoa urte batekoa da, baina nahi izatekotan kolpera 10 urterako erregistra dezakezu. Hortik aurrera domeinua berrituz luzatuko duzu domeinuaren iraupena, urtez urte.

Era berean, domeinu-izena erregistratu osteko lehen 60 egunetan ezingo duzu zure domeinua beste domeinu hornitzaile (erregistratzaile bezala ezagutzen ditugunak) batera pasa. Domeinu transferentzia bat egiteko gutxienez 60 egun itxaron behar dira, domeinua erregistratu den egunetik.

Dena ondo badoa eta gustora bazaude, handik urtebetera (edo zuk erregistratutako urte kopuruaren ondoren) domeinua berrituko duzu. Berritze bat edozein momentutan egin dezakezu. Izan ere, berdin du noiz berritzen duzun, ordaindutakoa urtea dagoeneko ordainduta duzun epeari gehituko zaiolako.

Berritzearekiko kontu bat: domeinu-izen bat eskuz berritu daiteke edo automatikoki. Lehen aukeran, domeinua iraungitu aurretik zure erregistratzaileari esango diozu domeinu-izena berritu nahi duzula eta ordainketa egingo duzu. Bigarren aukerarekin, auto renewal delakoa, zure ordainketa datuak gehituko dituzu zure erregistratzailearen erabiltzaile gunean eta bera arduratuko da unea iristen denean domeinu-izena berritzeaz. 

Zuretzako ez dago diferentziarik bi aukeren artean, prezio berdina ordainduko duzu. Guretzat baina, ezberdintasuna nabarmena da, zeren eta berritze automatikoa domeinu-izen bat iraungitu eta 45 egunetara exekutatuko da. Iraungitze-epearen osteko lehen 45 egun horietan domeinu-izena martxan egongo da eta erabiltzaileek ez dute nabarituko, baina berez domeinu-izen horrek ez du ordaindu, domeinuaren araudiak onartutako “linbo” batean dago. Baina esandakoa, zuri ez dizu eragiten, ez duzu ezberdintasunik nabarituko.

Domeinu-izen bat iraungitzen denean, auto renew aukera ezarrita ez badago, domeinu-izena ezabatu egingo da. Ezabatzea ez da berehalakoan exekutatzen, domeinu-izenaren jabeak 30 egun dauzka domeinu-izen hori berreskuratzeko. 30 eguneko epe horretan domeinu-izen hori ez da martxan egongo, zuretzat domeinu-izen horrek existituko ez balu bezala izango da. Domeinu-izen horren jabea bazara eta berritzea ahaztu bazaizu, domeinu-izena berreskuratzeko tasa ordaindu beharko duzu, domeinu-izenaren berritzea ordaintzeaz gain. Bi kopuru horiek ordaintzean domeinu-izena berriz ere bisitarientzako erabilgarri egongo da.

30 eguneko epe hori pasa eta ez baduzu berreskuratu, domeinu-izena guztiz ezabatuko da eta edonork erregistratu ahalko du berriz ere. Berehala egongo da libre? Ez, 0 eta 5 egun arteko epe bat itxaron behar da berriz libre geratu aurretik. Epe hori ausazkoa da, batzuetan ezabatzea bukatu eta berehala erregistratu ahalko da, beste batzuetan hurrengo egunean edo 5 egun barru…

Artikulu honen hasieran esan dudan bezala, konfinatuta nago, covid-19a dela eta, zuek bezalaxe. Garai hauetan enpresen (eta norbanakoen) jarduna hankaz gora jarri da, eta horrek sor dezake domeinu-izen baten berritzea ahaztea eta, ondorioz, domeinu-izenaren ezabatze prozesua hastea. Azaldu bezala, domeinu-izena berreskuratzeko tasa gehigarri bat ordaindu behar da eta dagoeneko estuasunekin dabilen jendearentzako gainkarga bat izan daiteke hori ordaindu behar izatea.

Horregatik, krisi honek iraun bitartean berreskuratze tasa kendu dugu uztailaren 31a arte, zuri normaltasunera bueltatzeko ahalik eta erraztasun gehien eman ahal izateko. Erregistratzaile guztiek ez dute ekimen honetan parte hartu, hemen dituzu oraingoz parte hartzen ari direnak:

 

  • Blacknight
  • Dinahosting
  • Ascio
  • Gandi
  • Name.com
  • CDMon
  • Entorno Digital
  • DonDominio
  • Centralnic (Key-systems)

 

Azkenik, bizitza-zikloa irudikatzen duen grafiko bat uzten dizuet, nire informatikari azalpenak gizatiarrak izan ez badira ere, 😛