Izenak egiten omen du izana. Teknologia berriak… IKT… ingurune-digitala… Hona nere ekarpen/eguneraketa Maiatzaren 2020rako: Andere-jaunak, TEKNOPOLITIKA. 

Berners-Lee-k Internet sortu zuenetik, ingurune digitala patxadaz ikusmiratu izan dugu paisaia lau eta bukoliko bat balitz moduan. Orain ordea, post COVID-19-ak bete-betean harrapatu gaituenean, paisaia hori, gure begirada ikustera iristen ez den kaxa beltz boteretsu eta ezkutu baten barrutik, eraldatzen ari da, eta ziztu bizian gainera (!). Eta okerragoa dena: gure erabakimen demokratikoari iruzur eginez. Gure erabakitze-eskubide digitala, data-opolies boteretsuek irentsi dute jada. Adimen artifizial (AI) sakrosantuaren izenean, amen, bapo, glup, irentsiak, gu.

Raymond Williams antropologo galestarrak zioen moduan, ingurune digitala ez da inoiz neutrala; izatez, oso muturrekoak izan daitezkeen helburu sozio-politikoetarako erabilia izateko gaitasuna eta potentzialtasuna agertzen du beti. Estatu-nazio espainiar edo frantsesaren jazarpenaz aritu garenean hamarkadak joan eta hamarkadak etorri; orain zer esan ordea, estatu-nazio hauek, geopolitika digital global berri baten atezuan eta EBak osatzen duen geometria aldagarri den mosaiko postnazionalean, Big Tech korporazio iparramerikar edota 5G erraldoi txinatarraren aurrean belaunikatzen direnean? Zer da eta non geratzen da gure subirautza teknologikoa? Ba al da halakorik gurean? Contact tracing app (deszentralizatu, zentralizatu, bluetooth bidez edo gabe, etab amaigabea den anabasa teknopolitikoan) edota gure pribatasun/intimitatean sartzeko gonbitea bihurtu den COVID-19 birusa egunero atejoka dugunean; non geratu da gure subirautza teknologiko pertsonala? Social distancing delakoak, gure gizarte kapital komunitario euskaldun/euskaltzalea errotik eten duenean, nondik eta nola birpentsatu subirautza teknologiko kolektiboa?

 

Social distancing delakoak, gure gizarte kapital komunitario euskaldun/euskaltzalea errotik eten duenean, nondik eta nola birpentsatu subirautza teknologiko kolektiboa? Click To Tweet

 

Gure datuen salerosketa ezkutua, zein plazatan gertatzen da? Nola eta zein eragileen artean gertatzen da? Eta nazioa? Zein nazio dago guzti honi izena eta izana jartzeko? Gu, bere hiritar digitalak babesteko? Agian nazio algoritmiko bat beharko genuke, apika. Eta gure nazio algoritmikoak, ingurune digital globalizatu zabalean, datu-ekosistemen jabetza eta trukearen desoreka sistemiko eta estrukturalen erdian, zein estrategia teknopolitiko beharko luke zedarritu? TEKNOPOLITIKArekin gure demokrazia dago jokoan, gailuetatik, tresna, eta anabasa teknologikoaren katxarreriatik harago.

 

Implantación de tecnología 5G en drones y robots

 

Teknopolitikak gauza sinple (baina potente bat) erakusten digu, hain zuzen ere, teknologiak gainditu egin duela jada kodetze, algoritmia, eta hardware-aren mundua, gizabanakoen bizitzengan eragin zuzena duen politika teknologikoa erdigunera ekarriz. Prestatuak al gaude gure hiritarren eskubide-digitalak babesten dituen teknopolitika bat egikaritzeko nazio gisa? .EUS…zu al zara gure territorio ‘libre’ bakarra?

Aro teknopolitikoan sartu gara jada. Jar gaitezen elkarlanean, ustez ‘gurea’ den eremua berreskuratu dezagun. Horretarako, erramintaz gain, kudeaketa, interdisziplinaritatea, estrategia, nazioartekotzea, eta ikuspuntu teknopolitikoa baliatu beharko ditugu; eta hori guztia, aldi berean, eta berandu baino lehen.

Artikulu hau aipatzeko:

Calzada, I. (2020), Teknopolitika/Technopolitics, Retrieved from https://www.sarean.eus/tekno-politika/ DOI: 10.13140/RG.2.2.27126.22086/1.