Teknologia berriak zahar bilakatu zitzaizkigun, eta IKT terminoa jarri genuen modan ordenagailuekin zerikusia zuen guztia izendatzeko. Hitzek eta akronimoek, ordea, erabileraren arabera hartzen dute esanahia, eta egun, IKT ere txiki gelditu zaigu teknologiak gure inguruan duen presentzia adierazteko garaian. Toki hori hartzera dator orain Ingurune digitala terminoa, eta aurrerantzean sarri entzungo dugunez, komeni zaigu honen nondik norakoak ongi ezagutzea.

2016ko udaberrian hasi ginen PuntuEUS Fundazioan 2020 plan estrategikoaren lanketan, eta gure burua definitzeko garaian Internet labur gelditzen zitzaigula ohartu ginen. Internet nonahi aurki dezakegulako gaur egun: mugikorrean, joko plataformatan, autoan eta etxeko berogailuan… sarea oso zabala da, baina ohartu ginen Interneti buruz hitz egitean erabiltzaile gehienek nabigatzailearen bidez jasotzen dutena baino ez dutela ulertzen, eta Internet hori baino askoz gehiago da.

Ideia hori oinarri hartuta, PuntuEUSen xedea lantzeko garaian Mundu Digitala kontzeptua hartu genuen oinarri. Euskarari etorkizunean ateak itxi nahi ez bagenizkion, Internetetik harago jarri behar genuelako begirada. Ideia horrekin, gure xedea honela definitu genuen:

.EUS domeinuaren bidez, euskara, mundu digitalean, baliagarri, erabilgarri eta ikusgarri egitea

Plan estrategikoaren lehen emaitza 2016ko uztailaren 8an aurkeztu genuen UEUk antolatutako IKTak Euskal Herrian: ikerketa, ezagutza eta ekintzarako abiapuntu berriak ikastaroan, eta bertan aurkeztu genuen lehen aldiz Mundu Digitala kontzeptua. Hemen duzue aurkezpenaren bideoa:

Baina Plan estrategikoaren prestaketa amaitzear geundela Soziolinguistika Klusterrak lankidetza eskatu zigun prestatzen ari ziren Euskararen Adierazle Sistema berrian. Interneten euskararen presentzia neurtzeko adierazleak definituko zituen lan-taldea ari ziren osatzen eta gure parte-hartzea nahi zuten.

Euskararen Adierazle Sistemaren lan-taldean PuntuEUSen egindako hausnarketa transmititu genuen: Interneterako adierazleak definituz gero euskararen garapenari ateak mugatuko genizkion gure ustez, horregatik gure proposamena adierazle sistema mundu digital osorako lantzea izan zen. Denon artean, proposamen honen inguruko kontzeptu eta terminoak aztertu genituen jarraian helburua ahalik eta hobekien definitu asmoz, eta ikusi genuen ingelesez ere Digital Environment erabiltzen hasiak zirela guk adierazi nahi genuen hori azaltzeko. Nazioartean nagusitzen ari zen terminoarekin bat egitea adostuta, Elhuyarri eskatu genion laguntza termino hau euskaraz emateko modurik egokiena erabakitzeko, eta beraien proposamena hauxe izan zen: Ingurune digitala. Hona arrazoibideak:

Hona gure proposamena “Digital Environment” euskaraz emateko: ingurune digital. Hori iruditzen zaigu termino neutro eta erabilgarriena.

Gure ustez, “ingurune digital” ondo egokitzen da (baita “inguru digital” ere, baina generikoagoa eta polisemikoagoa da). “Ingurumen digital”, berriz, ez.

“Mundu digital” ‘poetikoagoa’ da; nolabait; ez zaigu desegokia iruditzen literaturarako, baina uste dugu “digital environment” terminoa “social environment” terminotik abiatuta sortu dela, eta, adierei erreparatuta, zehatzagoa iruditzen zaigu “ingurune digital”.

Gainera, digital environment terminoa “countable” da, zenbakarria (Lead entrepreneurial efforts on design, development, and learning related to innovative digital environments http://education.illinois.edu/ci/programs-degrees/delta). Beraz, hor ez dirudi egokia “mundu digital” erabiltzea.

Ingurune digitala izan dugu beraz oinarri Euskararen Adierazle Sistema definitzeko garaian, eta lan-taldean kontzeptu honentzat definizio bat ematera ere ausartu gara:

Pertsonen artean, eta, makinen eta pertsonen artean komunikazio eta interakziorako erabiltzen diren baliabide digitalek osatzen dute ingurune digitala.

Ingurune digitala da PuntuEUSen jardun eremua definitzen duen kontzeptu berria eta hala jaso dugu gure Plan Estrategikoan. Etorkizunean gero eta toki gehiagotan ikusiko dugu, ondorioz, ahantz ditzagun teknologia berri eta IKTak, eta onar dezagun Internet eta komunikazio digitalek gure ingurune digitala osatzen dutela.

Share on FacebookTweet about this on TwitterShare on LinkedIn
Aurreko bidalketa

RSS kanalak, mugikorrean datuak aurrezteko ibaiak

Hurrengo bidalketa

Mugikor zaharrak bueltan?

Egilea

Josu Waliño

Josu Waliño

@jWalino
Norbaitek esan zidan nire Twitterreko profilean jaso nuela nire curriculumaren laburpen onena: “Informatikaria formazioz, kudeatzailea ofizioz eta idazlea afizioz”. Nire jardun profesionala beti egon da euskara eta berrikuntzarekin lotuta EHUn informatika ikasketak amaitu nituenetik: Elhuyar Fundazioan Berrikuntza eta Proiektu zuzendari, Eleka Ingeniaritza Linguistikoa enpresaren sortzaile eta Langune bezalako lankidetza proiektuak sustatu ditut. Bitartean, tarteren bat aurkitu dut haur eta helduentzat liburuak idatzi eta argitaratzeko.
Orain hiru arloak nire egunerokoan bateratzeko aukera izan dut, euskal hizkuntza eta kulturaren Interneteko domeinua kudeatuz.

Iruzkinik ez

Utzi erantzun bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude