5G teknologia berria geroz eta zaharragoa da. Estaldura zabalagoak, sakeleko gehienak 5G txiparekin… Sarean.eus bertan hainbeste artikuluetan agertu da eta zertan datzan jakin nahi baduzue, horietan edo  Egoitz Etxebeste Adurizek Elhuyarren idatzitako erreportajean ondo azalduta daukazue. Nik neuk, orain urte bi Aikor aldizkariaren 185. alean teknologia honen berrikuntzak aipatzen nituen, baina noski… panazearik bapez

5Gren azpiegitura:

Informazio gehiago garraiatu ahal izateko, 5G teknologiak maiztasun haundiagoko uhinak erabiltzen ditu. Maiztasuna handitu ala, informazioa garraiatzeko ahalmena gora doa, baina oztopo fisikoak zeharkatzeko arazoak handitu egiten dira, irismena txikiagotuz.. Hori dela eta, abiadura haundiko estaldurari eusteko konektagarritasun anitza da irtenbidea, hainbat base-igorlera batera konektatzea hain zuzen ere. Eta horretarako azpiegiturako base-igorle horien kopurua handitu egin beharko da. Horrelako bakoitzaren potentzia txikiagoa izango bada ere, kopuruak handitu beharko direnez, azpiegitura hauen kontsumo energetikoak igo egingo dira, eta honi fabrikazio eta hedapenean kontsumitutakoa gehitu behar zaio.

Jevons-en Paradoxa

Williams Stanley Jevons XIX. mendeko ekonomialaria eta filosofoa izan zen. Berak deskribatu zuen “errebote efektua” ere deritzon paradoxa. Garai haietan ikatzaren efizientzia handitzeko hainbat aurrerakuntza egin ziren, baina ikatzaren kontsumoa jaitsi beharrean gorantza joan zen. Hortik abiatuta, Jevons-ek bere izena duen paradoxa proposatu zuen: teknologia baten efizientzia energetikoa hobetu ala, errazagoa da honen kontsumoaren igoera jaitsiera baino.  

Bere arrazoinamenduan zera dio, efizientzia handiagoa denez, errazago eta merkeagoa izango da, eta ondorioz gehiago erabiliko da. 5G hori erabiliko duten sakeleko, IoT zein sare gailu, eta horrelakoei aplikatuta, naiz eta euren efizientzia energetikoa hobetuz doan, erabilera gehiago hedatzen ari denez, erabiltzaile kopuru, erabilera denbora zein datuen erabileran, murrizketa hori ez da konpentsatzen eta kontsumo totala geroz eta handiagoa da eta izango da.

Antonio Aretxabalak “Una reflexión más en torno al 5G y los retos de nuestra organización social” artikuluan egiten dituen kalkuluen arabera mugikor bat eta hozkailu baten urteko kontsumoak parekoak dira. Harrigarria bada ere kontutan izan, duen kostu energetiko zuzenaren gain (bateria kargatzearena), erabilerak eragiten duena ere kontutan hartu behar dela, hau da, datuen joan-etorri, garapen eta metaketak eragiten dutena.  

Naiz eta berez 5G teknologiak eraginkortasun energetikoarekin lotutako hobekuntzak izan, datuak azkarrago “mugitzeko” duen gaitasunak, beste aurrerapen batzuekin batera  (irudi sentsoreen pixelen kopuruaren etengabeko hazkuntza kasu), geroz eta bideo “potoloagoak” ikusteko eta partekatzeko aukera izango dugu, gero eta kalitate eta tamaina haundiagoko argazkiak, abestiak, …  Datu jarioa igotzen da, bai eta datu hauek guztiak gordetzeko behar den “hodeiaren” azpiegitura beraz, eragiten den energia kontsumoa ere.

Eta ez da multimedia bakarrik. Jokoei dagokionez, 5Gak, datu transferentziaren abiadura handitzeaz gain, latentzia asko jaitsiko du, eta honek eragin zuzena edukiko du jostagarritasunean, irudi eta mugimenduen leuntasun eta detaileetan. Errealismoa, behin-behinekotasuna, esperientzia…. Adituen arabera hauek denak benetan nabarmenak izan daitezen teknologia guztiz garatuta egon beharko da, mmWave delakoa zabaltzen denean. Tartean, erabiltzaile kopurua gora, eta gora doa. 

Energia berriztagarriak salbagailua (hemen ere)

Badira hauek denak energia berriztagarrien hazkundearekin “salbatuko” ditugula esaten dutenak. Alde batetik, entzunda daukat arrazoinamendu berdina beste hainbat esparrutan ere, eta zitala da zeharo. Energia berriztagarriek eta nahi dugun beste kontsumitzeko aukera emango baligukete ere horrela egin beharko genuke? Horrelako aseezina da gure gizartea?

Amaitzeko, kontsumo hauek guztiak egiten den erabilerarekin lotuta daude. Benetan behar dugu horrenbeste datu, horrenbeste abiadan 24×365? Hamaika argazki eta bideo grabatu eta elkarbanatu, memeak nahieran, pantaila dirdiratsu, joko birtual-adimendu-emendatu-terribleak? Azkeneko modeloa 5, 6, 7Gduna, 108Mpixel…?  

Hobe ez erantzun.