Bitcoinari buruz lehenengoz entzun nuenean, ez zitzaidan garbi gelditu blockchain eta txanpon digitalen kontu hori, beraz informazioa bilatu eta bide batez artikulu hau idatzi nuen Aikor aldizkarirako. Bertan, blockchain publikoetan oinarritutako txanpon eta kontratuen onuretako bat aipatzen nuen: banketxe, espekulatzaile zein estatuen eragin interesatuen menpe ez dagoen txanpona hain zuzen ere. Noski, panazearik inon ez, eta Mr Robot seriean adibidez arriskuetako batzuk aurreikusten ziren (ez noa spoilerrik egiten, ikusi merezi du eta…). Orain dela gutxi BBCren “Bitcoin consumes more electricity than Argentina” artikulua irakurri, eta gero mastodonen Izaro eta Ekaitzen elkarrizketa baten bidez “Green hackers around the world, let’s destroy Bitcoin”–era iritsi nintzen. Banekien bitcoinak minatzeak ordenagailuen erabilera intentsiboa eskatzen zuela, baina ordura arte, horren inguruko hausnarketarik egin barik neukan.
Bitcoina dirua da, eta horrela izanik ondasun eta zerbitzuen transakzioak burutu eta zorrak kitatzeko erabili daiteke. Horretarako erabiltzen diren bitcoin denak minatze bidez sortzen dira, eta minatze hau egiteko ordenagailuak erabiltzen dira. Minatze prozesuan, bitcoin sarera lotuta dauden ordenagailuak, egiten diren transferentziak egiaztatzen jartzen dira eragiketa matematiko oso konplexuak ebatziz. Prozesu honi “Proof Of Work” (POW) deritzo, ordenagailuen lanaren bidez egiaztatu eta gordetzen direlako egindako transferentziak. Gainera lehiakorra da, hau da, hainbeste ordenagailuei jartzen zaie transferentzia jakin bat egiaztatzeko zeregina, batek lortuko du azkarren POW hori eta, beraz, bitcoinak irabaztea.
Honek guztiak zer suposatzen du? Bitcoinak minatzea hainbat ordenagailu batera eta bakoitzak konputazio lan handia eginez, behar direla bitcoin bakoitzeko, eta hauek guztiak argindar kontsumo oso handiak sortzen ditu. Ikerketa desberdinen arabera zenbaki desberdinak lortzen dira, denak oso altuak, gorago aipatutako BBCren artikuluak adibidez, bitcoinaren urteko elektrizitate kontsumoa Argentinarena baino handiagoa da. Amaiera beste zenbait ikerketen inguruko informazioa daukazue.
Gainera, aipatu bezala, bitcoinaren propietate intrintsekoa da POW hori, ezin da ekidin eta, beraz, beti erabili beharko dira ordenagailuak energia kontsumo haundiekin, bere funtzionamendurako. Ez hori bakarrik, ordenagailuak hobetu ala gauzak ez dira konpontzen, segurtasuna bermatzen jarraitu nahi badugu, eragiketa konplexuagoak beharko dira, beraz kontsumo altuagoak.
Badira egiaztapenak egiteko beste sistema batzuk erabiltzen dituzten kriptotxanponak, baina baxuagoak izanda ere, energia kontsumo handiak dituzte.
Gorago aipatutako “Green hackers…” artikulu nahiko eztabaidagarria da, Ekaitz Zarragak hobeto azaltzen du twitcheko bideo honetan. Nik ez daukat garbi. Egia da bitcoina espekulazioaren menpe dagoela, Elon Musk-ek egindako inbertsioak (1.500 miloi dolar) zerura eraman du bere prezioa, baina ez da posible hori edozein txanponekin gertatzea? Ez daude “betiko” txanponak ere espekulazioaren menpe?
Ikusten eta baloratzen ditut blockchain orokorrean eta kriptotxanponen onurak. Diruaren bermea, edo beste proiektu batzuetan ikusten den bezala, identitatearen bermea horrelako sare publiko batek ematea (Siriako errefuxiatuen kanpamendu baten gertatzen ari den bezala) oso onuragarria izan daiteke denontzako.
Ikusten dut ere beti izango direla energia kontsumitzaile potoloak.
Orain geuri dagokigu: Prest gaude prezio hori ordaintzeko?